Beraiena egiten utziz gero…

Egilea:

Data: 2013/03/17

OSASUNA    0
ATLETICO MADRIL  2 

Hirugarren partida jarraian galdu du Osasunak, aurkariaren jokoa geratzen asmatu ezinda.

  • Kronika hau Mendilibarrek esandako honekin hasi eta amai daiteke, ondo azaltzen baitu zer izan den gaurko partida: “Ez dugu lortu besteetan lortu duguna: aurkaria deseroso aritzea gure aurka”. Aurkaria Atletico Madril izanda, Ligako talde onenetakoa, aukera apurrak baino ez zaizkio geratu Osasunari, eta galdu egin du. Logikoa.
  • Ez da izan Osasuna azkenaldikoa. Aurkariari gauzak zail jarri izan dizkion hori ez da azaldu. Gabezia handia da hori, erreakzioaren oinarria horixe izan baita. Gaurkoa azaltzen segita, Osasuna ez da Osasuna izan, eta aurkariari asko ematea da hori.
  • Diego Costa izan da etxekoen borreroa. Zalea da Osasunari golak sartzen, hiru ere egin zizkion duela bizpahiru denboraldiko partida batean, eta gaur bi sartu dizkio. Asko hitz egin da beraren jiran astean zehar, eta erantzun bortitza eman du. Golekin eman ere.
  • Bi gol sartu dizkio aurkariak gaur, beste bi aurreko asteburuan, eta azken hiru partidetan, bost egin dizkiote. Gehiegi da, ikusirik ze gutxi jasotzen egon den taldea orain gutxi arte.
  • Atletico Madril erosoen kontraerasoan aritzen da, eta halaxe sartu du aurreneko gola. 35. minutuan izan da, eta honetaz eta antzeko egoerez ariko zen Mendilibar aurkaria deseroso jarri ez dutela esan duenean. Jakinik Atleticoren indarra kontraerasoa dela, huts larria da gola horrela jasotzea (nahiz eta ezinezkoa den kontraeraso guztiak saihestea). Gola alde duela eroso moldatzen da Simeoneren taldea, eta halaxe aritu da.
  • Baina Oierrek bi aukera on izan ditu gola jaso eta atsedenaldira joan arteko tartean. Ez du asmatu, ordea, eta Atletico ez da aukera asko oparitzen duena. Ematen dituenak baliatzen ez badira, jai izaten da.
  • Eta jai egon da bigarren zatiaren hasieran Diego Costak bigarren gola egin duen unetik. Alboko falta batean sartu du, bigun eta zalantzati ibili ondoren Osasunako jokalariak. Hortxe amaitu da neurketa, minutu asko geratzen baziren ere. Osasuna ezinean aritu da, eta ezina kontrario gaiztoa izaten da.
  • Hasi bezala amaitzeko kronika hau, Mendilibarren beste hitz batzuk: “Valladoliden partidan pentsatzeko astia daukagu, eta gaurkoa ahaztu egin behar da”. Aurkari guztiak ez baitira Atletico Madril izango, eta Diego Costa ere bakarra dagoelako.