Aldapa behera
REALA 4
VALLADOLID 1
Hamabost minututan sartu ditu golak Realak, eta jokoan ia neurketa osoan nagusi izan da, ikusgarri jokatuz une askotan. Laugarren jarri da sailkapenean.
- Emaitzak futboleko jendea pozez txoratzeko eta tristuraz negarrez jartzeko indarra dauka, halakoxe boterea eman zaiolako. Realarena kontuan hartuta, pozak airean dago inguru osoa. Ez da gutxiagorako: gol asko denbora gutxian (15 minututan), joko ona ere bai, hiru puntu gehiago eta laugarren lekua behin-behinean (Txapeldunen Liga, alegia).
- Baina partida hasiera, aurreneko hamabost bat minutuak aspergarri samarrak izan dira. Ez zuen Realak zirrikiturik aurkitzen Valladoliden defentsako marrazkian eta lanean. Itsutu egin da erditik jokatu nahian, eta zulorik ez zeukan. Gainera, presaka bezala aritu da batzuetan, makalegi besteetan, eta ez dio erritmoari neurria hartu, unean-unean zer komeni zen asmatu ezinda.
- Carlos Martinezek ireki du zirrikitua. Gorago jokatzen hasi da, gorago iristen, eta horrekin bakarrik zelaia zabaldu ez ezik, Valladolid bera ere ireki egin da. Eta jakina, barruan edo erdialdean zuloak azaltzen hasi dira.
- Gorago eta zabalago jokatzen hasi da Reala, eta presioa goian egiteko aukera eman dio. Hasierako asperdura nagusitasun bilakatu da. Gola behar zuen hori dena berresteko, eta Griezmannek sartu du, falta baten bigarren jokaldian. 33. minutua zen. Lan zailena egina zegoen. Bidea erraztea zekarren golak, eta bigarrenak zer esanik ez. Tokitako gola sartu du Agirretxek; 39. minutua zen. Beste bat geratzen zen atsedenaldiaren aurretik: Griezmannek egin du bere bigarrena, Zurutuzaren baloi luze zehatzari etekin ona ateraz.
- Erabakita zegoen partida. Zalantza hau zen: bigarren zatian eutsiko al zion Realak joko erauntsiari, nagusitasunari eta gol festari. 48. minutuan eman dute erantzuna jokalariek: sekulako gola prestatu dute atzelarien, erdilarien eta aurrelarien artean. Taldeko joko landua. Atzetik aurrera baloia zehatz eraman dute, mugimendu are zehatzagoen laguntzaz, eta Xabi Prietok biribildu du jokaldia. 4-0. Hortik aurrera ere joko ikusgarria egin dute, eta ikusgarri egin dute lan hau: baloia eskatzen zuen jokalariak baloia bakarrik hartzea lortu du une askotan, leku egokian jarriz laguntza emateko (aurretik inguruan zer zeukan begiratzearen eraginez).
- Berdinean segitu du Realak, izan ditu aukera gehiago, baina asmatu duena Valladolideko atezaina izan da, Dani Hernandez. Beragatik ez balitz, beste lau gol jasoko zituen bere taldeak.
- Montanierrek Jose Angel, Pardo eta Estrada atera ditu zelaira, aukerak emate aldera. Partidaren azkeneko hamabost bat minutuak sobera izan ditu Realak, Valladolid hasi da baloiaren jabe egiten, eta Bravoren ateruntz gerturatzen. Gola ere sartu du (Javi Guerrak), eta ez du gehiagorako eman partidak. Aldapa behera joan da Realarentzat, dena ateratzen zaiola esango du orain baten batek, baina ateratzeko baliabideak eta bideak jartzen ari da talde osoa. Ez da kasualitatea emaitza bolada on hau.