Alemaniaren bidea

Egilea:

Data: 2013/03/11

BUNDESLIGA (erreportajea-analisia)

Bayern Munichen ibili bikaina oinarri hartuta, Alemanian futbola estilo aldetik izaten ari den bilakaera oso kontuan hartzekoa da.

Bayern Munichek hogei puntu ateratzen dizkio Bundesligako bigarrenari. Bavariako klubaren itzalean da aurten Borussia Dortmund, azken bi txapelketak irabazi dituen taldea. Pep Guardiolaren fitxaketak zalaparta handia sortu zuen Alemanian, eta berri hori Bundesligarentzat oso ona dela aitortu zuen Borussia Dortmungo presidenteak. Alemania ezberdina da.

Guardiolaren fitxaketak ikusmin handia sortu du herrialde hartan, baina horrek ez du Bayern Munichen eguneroko bizitza aztoratu. Oraina da garrantzitsuena. Bayern Munichek titulu guztiak begiz jota ditu: Bundesliga poltsikoan, Kopan bizirik, eta Txapeldunen Ligan ere sendo. Jupp Heynckes zubia baino gehiago da. Guardiola iritsi aurretik ibilbide dotorea egiten ari baita Mönchengladbacheko entrenatzailea, gustoz eta garaipenez ibilia.

Estilo aldetik Heynckesek egin duen ekarpena ikusi eta ondoren datorrenari erreparatuta, argi dago Bayernek Alemaniaren jokamolde aldaketa global horren alde egin duela. Liberoa lehenesten zuen sistemaren garaiak urrun geratzen dira: 1-3-5-2. Liberoaren figurak izaera berezia ematen zion hango futbolari, Franz Beckenbauerrek zelai erditik atzera egin zuen une beretik. Mitoek eragina izaten dute esparru guztietan, eta Beckenbauerrek joera bat sortu zuen Alemanian. Gerora, zelai erditik atzera jo duten hainbat futbolari handi ezagutu ditugu Alemanian: Lötthar Matthaus, Matthias Sammer (egun Bayern Municheko kirol zuzendaria), Olaf Thon

Alemaniarren estereotipo fisikoa topiko bihurtu zen, sistema zurrun horren baitan. Ahalmen fisiko handia izan dute beti germaniarrek, adore paregabea erronka guztiei aurre egiteko. Baina herrialde horrek, Beckenbauer, Maier, Netzer, Müller, Heynckes, Overath, Breitner, Rummenigge, Magath, Matthaus, Littbarski, Allofs, Hassler, Sammer, Scholl, Möller, Klinsmann eta abar luze bat eman ditu. Talentudunak. Finak euren lanean. Haiek gabe ezin ulertu Alemaniako futbol loriatsua.

Jürgen Klinsmannek eragin handia izan du Alemaniako egungo futbolaren bilakaeran. 2006ko Mundialean germaniarren hautatzailea izan zen. Itzalean zegoen entrenatzailea aukeratu zuen laguntzaile gisa: Joachim Löw (egungo hautatzailea). Federazioarekin batera, oinarrizko futbolaren azpiegitura berrantolatu zuten, egungo loraldia ahalbidetuz. Klinsmann AEBetako hautatzailea da orain.

Stuttgartetik haize berriak iritsi ziren Alemaniako futbolera. Eraldaketa honetan erabakigarriak izan dira inguru hartako entrenatzaileak: Klinsmann eta Löw guztien buru. Arrasto hori jarraitu dute azken belaunaldiko teknikoek. Bi nabarmendu dira bide horretan: Jürgen Klopp (Borussia Dortmund) eta Thomas Tuchel (Mainz). Christian Streichen lana Friburgon ere ez da makala.

Haztegiaren garrantzia

Bayern Munichek garrantzia handia ematen dio harrobiari. Bavarian hazitako hainbat jokalari ageri dira ohiko hamaikakoan: Philipp Lahm, David Alaba, Holger Badstuber (bolada baterako min hartuta), Bastian Schweinsteiger, Toni Kroos, Thomas Müller, hurrenez hurren.

Alemanian aberatsena da Municheko kluba. Urtero irabaziak izaten ditu. Jokalari ohiak dira kudeaketaren arduradunak. A zer jokalariak! Jakituria, sentsibilitatea eta egonkortasuna ematen diote erakundeari. Oinarri sendoak ditu Bayern Munichek. Baina, hala ere, ez da izarrekin burua galtzen duen horietakoa. Harrobiak zeresan handia du.

Louis Van Gaalen ekarpena garrantzitsua izan zen gazteei bultzada emateko. Klubetik ez zen ondo atera, baina bere lana onartu beharra dago. Gazteen bilakaera ikusirik, Heynckesekin taldeak izan duen bilakaera aintzat hartuta, Guardiolaren zain dauden unean, bitxia da atzera begiratu eta Giovanni Trapattoni bezalako entrenatzaile bat aulki horretan ikusi izana; egungo estilotik oso urrun. Bayern Munichen geroa oparoa da. Baina, Guardiola iritsi aurretik, jokatzeko eta irabazteko asko dago Bavaria aldean. Bidea erakargarria da.