Atzekoz aurrera

Egilea:

Data: 2013/03/10

ATHLETIC   1
VALENTZIA 0 

Bigarren garaipena segidan lortu du Athleticek, aurkaria baino gutxiago zenean gola sartuz.

  • Hiru puntu beti dira hiru puntu, ondo jokatuz ala gaizki jokatuz lortuak izan. Eta zero puntu beti dira zero puntu, gehiago edo gutxiago merezi arren. Bi baieztapen horietatik abiatu behar da gaur Athleticen partidaren kronika. Ondo barneratuta eduki behar dira bi esaldiak.
  • Izan ere, Athletici sarri samar gertatu izan zaio sasoi honetan ondorengoa: aurkaria baino gehiago izan, golak sartzeko aukera ugari sortu, eta hala ere, irabazi ez. Ondo antzera jokatu, baina berdindu edo galdu. Gaur, ordea, kontrakoa gertatu zaio; batez ere bigarren zatian: Valentzia askoz gehiago izan da, baina gola Athleticek sartu du, eta hiru puntuak San Mamesen geratu dira. Atzekoz aurrera ibili da partida alde horretatik, sasoi honetan ibili izan denaren kontrako noranzkoan.
  • Ondo azaldu du Bielsak partida zer izan den: “Lehen zatian, Valentzia baino gehiago izan gara, eta bigarrenean, Valentzia izan da hobea; gainera, lehen zatian bi taldeen artean egon den aldea baino handiagoa izan da bigarrenean”. Baina Muniainek bakarrik asmatu du gola sartzen (79. minutuna), eta golak dira emaile eta kentzaile futbolean.
  • Izen bereziak beti zehazten dituzte partidak. Gaur eguerdian, bi nabarmendu behar dira Athleticen: Iraizoz atezaina, eta Muniain. Atezainak lan ederra eta betea egin du bigarren astez jarraian, eta beragatik ez balitz, beste kontu batzuen inguruan idatzi beharko genuen. Muniainek ere aipamena merezi du, gola sartu duelako; eta bitxia bada ere, albiste potoloa da gola sartzea nafar txikiak, Liga honetan sartu duen lehendabizikoa gaur sartu baitu.
  • Valentzian ere izen bat aipatu behar: Soldado. Aurrelari zitala da, golegilea, eta gaur minutu batzuetan bakarrik jokatu du. Nahikoa izan ditu aukera batzuk izateko, baina errazak eta zailak, denak huts egin ditu. Horrek ere lagundu dio Athletici partida irabazten.
  • Hiru puntu hauei joan zen astekoak gehituz gero, sei da batura. Arnasa eta lasaitasuna. Beharrezkoa erabat alde guztiak lasaitzeko. Eta bolada txarra ea behin betiko geratzen den bazter batean, nahikoa izan dira eta denboraldi honetan.