Betis, beti ez
BETIS-OSASUNA (gaur, 21:30)
Betisen erasoko jokoa geratu beharko du Osasunak partida galdu nahi ez badu.
Osasunak erronka interesgarria dauka gaur gauean Betisen zelaian (21:30). Sailkapenari begiratuta ez ezik, zelaian ikusiko denari begiratuta ere bai. Izan ere, aurkariaren ezaugarri eta indargune nagusia geratu beharrean izango da Mendilibarren taldea: erasoko jokoa.
Talde zitala da Betis, jokalari bizkorrak, abilak eta eraginkorrak dituelako erasoan: Campbell, Jorge Molina, Ruben Castro, Pabon… Erakutsi zuten joan zen igandean Anoetan zertarako gai diren. Realaren aurkako partida hartan, ezaugarri horiek baliatzeko egokia izan zen neurketa, espazio ugari izan zutelako nahierara ibiltzeko zelaian. Horixe da, hain zuzen, Osasunak galarazi behar diona Betisi: zuloak edukitzea erasoan aritzeko.
Nola lortuko duen ikusteak jakin-mina sortzen du. Osasunaren indargunea da oso gol gutxi jasotzen dituela, eta beti molde berean jokatuz lortu izan du: presioa erabiliz eta atzelarien lerroa aurreratuz, lerroak asko batuz. Azter dezagun aukera horiek zer emango dioten gaur Osasunari:
- Atzelarien lerroa aurreratuta, zuloak utziko ditu bere zelaian, eta horrek arriskutsua ematen du. Baina lerroak aurreratzeak presioa goian egitea esan nahi du, eta ezinbestekoa izango da lan hori ondo egitea defentsako lerroa aurreratzeko: presioak estua eta gogorra izan beharko du, baloi luzeekin Betisek minik egin ez diezaion. Baloia jokatuta ateratzeko ere zailtasunak izango ditu Betisek Osasunaren presio horrekin, eta aldeko ezaugarri hau ere bereganatuko du taldeak: zelaia txikitu egingo du luzeran, eta zailtasunak sortuko dizkio horrek Betisi.
- Osasunaren lerroak elkartuta aritzea ezinbestekoa izango da. Taldeak ezin du hautsi, hausteak zuloak uztea esan nahi baitu. Eta zuloak baliatuz, Betis nagusi da.
- Bi aukera horiek erabiltzeaz gain, partidaren erritmoa makala izatea komeni zaio Osasunari. Betisek nahi duenaren kontrakoa, hain zuzen. Erritmoa geratzeko presioa ez da lagun ona izaten, bizitzeko baliabidea delako berez, eta tentuz erabili beharko du Osasunak, ondo aukeratuz non eta nola estutu, eta baita nori estutu ere.
- Kontuan hartzeko beste kontu bat: Betisek bi aurrelari erabili ohi ditu, eta baloi luzeetan arriskua eragiten du, 2×2 egoerak sortzen direlako erdiko bi atzelariekin. Anoetan ikusi zenez, Jorge Molina behera jaisten da goiko baloiaren bila, eta atera egiten du bere lekutik erdiko atzelarietako bat; ondorioa argia da: 1×1 egoera sortzen da beste aurrelariaren eta erdiko atzelariaren artean. Hegaleko atzelariek lagun dezakete egoera horietan, edota euskarrietako batek, erdiko atzelariengana gerturatuz.
Kontuak kontu, helburua argia da: Betis ez izatea betikoa. “Beti (berdin) ez” esan behar dio Osasunak Betisi.