Gau finlandiarra

Egilea:

Data: 2013/03/01

ATHLETIC (analisia)

Marcelo Bielsaren inguruan asteon sortu den eztabaidari buruzko hausnarketa.

 

Gau finlandiarra erori da Athleticen gainera: iluna, trumoitsua, latza. Eta txarrena dena, epe laburrean ez zaio amaierarik ikusten. Arazoak pilatzen doaz, txirikordatzen, eta mataza gero eta korapilatsuagoa da, trinkoa. Taldeak orain dela hilabete batzuk pentsaezinak ziren marra gorri guztiak zeharkatu ditu, eta azkenean heldu gara, berandu edo goiz, nori kasu egiten zaion, egoera txarrean dagoen talde baten inguruan ematen den ohiko eztabaidara: entrenatzailea mantendu, edo kalera bota.

Marcelo Bielsak ukiezina zirudien zentzu horretan, baina badirudi derbian jasotako porrot mingarriak berez bero zegoen giroa irakitan jarri duela, eta komunikabide batzuk hasi dira eltzea berotzen (zenbat elkarrizketa eman ditu Javier Clementek aste honetan gauza bera errepikatzeko, Bielsa kaleratu behar dela?). Hori gutxi balitz, Zuzendaritza batzordeko kide batek, presidenteordeak, hurrenez hurren, denok bagenekiena gogorarazi digu, entrenatzailea emaitzen diktadurapean bizi dela. Esan duenak baino, hitz egin izanak sortu du kalapita, Josu Urrutia klubean dagoenetik Zuzendaritzako kideek ez bait dute sekula santan deus esan. Osasunaren aurkako partidaren atarian esateak, gainera, ez dirudi taldeak behar duen lasaitasun giroa sortzeko aproposena denik. Batzuen aburuz, Corresek jarri du mihia dantzan, baina hitzak Josu Urrutiarenak dira. Beste askok, aldiz, mendeku kutsua ikusi dute adierazpen horietan, Lezamako obren polemika hartan, obren arduraduna Corres jauna zela zabaldu baitzen. Egia zein den batek daki. Kontua da, beste behin, futbola ez den beste edozertaz hitz egiten dela.

Futbolaz hitz egitera irten zen bart Marcelo Bielsa prentsa aretora. Bere mezua argiro adierazi nahi duenean, prentsaurreko gogoangarriak izaten dira argentinarrarenak. Eta atzokoan bere taldearen jarduna, lan egiteko moldea, eta bere futbol eredua defendatu zuen. Bielsari beste ezer eskatzen dionak, edo bere lan ildoa aldatuko duela uste duenak, ez du Athleticeko entrenatzailea ezagutzen. Aitzitik, egin zuen nire ustez adierazpen harrigarri, are iraultzailetzat har daitekeena, esan zuenean, denok harri eta zur utzita, taldearen defentsako arazoak ez zirela jokalari gehiago pilatuz konpontzen, dagoeneko lan horretan jokalari gehiegik hartzen zutelako parte! Adibideei erreparatuta, baina, konturatuko gara taldeak jaso dituen gol askotan aurrelari bakarra dagoela, kamiseta zuri gorriz inguratuta.

Azalpenak azalpen, hala ere, kontua da jendea nazkatzen hasia dela hitzez, argudioez, huts egindako zientoka aukerez, eta batez ere, jasotako gol andanaz. Futbolean, gauzak gaizki doazenean, aldatu beharraz hitz egiten da, aldatu behar denaz gehiegi hausnartu gabe. Bielsaren ustez taldeak 20 puntu gehiago izan beharko lituzke. Kontua da ez dituela. Itxura, orokorrean, ona da, baina emaitzak oso kaskarrak. Berezia da Athleticeko entrenatzailea. Ez ukiezina, ordea.

Gau finlandiarra erori da Athleticen gainera. Dena ez da txarra izango, hala ere: Iruñeko giro hotzean etxean bezala sentituko da taldea. Hala bedi. Bielsa karajo!