Itsusia eta ederra
OSASUNA 1
ZARAGOZA 0
Osasunak bost puntu azpitik du orain jaitsiera.
- Laugarren minutuan gola alde Kike Solak, alerik jaso ez neurketa osoan, eta hiru puntu. Jaitsiera bost puntura utzi du Osasunak Zaragoza menderatu eta gero. Horra, hitz gutxitan, oraintxe bukatu den partidaren kontakizun laburra. Ederra, gozoa eta plazerra. Albiste bikainak. Azaleko kontuak dira.
- Sakonera handiagotan sartuz gero, futbola bera bezain zaharra den eztabaida: joko itsusia bai ala ez? Galdetzen duenari erantzun egin behar zaionez, zalantza gutxi lan horretan: itsusia. Ederrak puntuak eta sailkapeneko ondorioak, itsusia jokoa.
- Goazen sakonera handiagoetara oraindik, beste galdera batekin: eta zer gehiago egin dezake Osasunak daukan taldea edukita? Erantzuna, bizia bezain argia: ezer gutxi gehiago. Mendilibar miraria ari da egiten. Gustatuko litzaioke taldeak ondo egiten dituenaz gain, beste gauza batzuk ere ondo egitea, baina ezinezkoa da… edo oso zaila. Daukanari ezin zaio etekin handiagoa atera.
- Osasunak ondo egiten du ondo egin dezakeena. Talde praktikoa bilakatu da partidak aurrera joan ahala. Zaila da bera menderatzea. Ez da bere burua zaildu zalea; errazaren alde beti. Erraztasuna itsusia edo ederra den, beste eztabaida sakon bat da. Hurrengo batean, akaso…
- Partidako kontuak: lehen zatia batetik, bigarrena bestetik. Aurrenekoan, gola eta eskerrak. Zaragoza egin da baloiaren jabe, Osasunak ohi duena baino atzerago defendatu du, eta deseroso egon da. Erritmoa izan du lehen zatiak, eta hori Zaragozaren aldeko zen. Euskarrien aurretik erraz ari zen Zaragoza, Movilla eta Apoño buru. Baina aukerak sortu ezinda, eta sortu dituen apurretan, Andres Fernandez jarri zaio parean. Bigarren zatian, bizi ibili da Mendilibar: euskarrien aurreko zuloa estaltzeko, Oier jarri du hor, eta Silva atzerago (Cejudoren ordez atera da bigarren zati osorako). Zaragozak ez du hain erraz mugitu baloia, eta erritmoa ere asko makaldu da, Osasunaren mesedetan. Kontraerasoan gol parea sortzetik gertu izan dira Kike Sola, Oier eta Nino, baina Osasuna praktikotasunera emana badago, horrexegatik da: ikaragarri kostatzen zaio golak sartzea, erasoan aritzea.