Non saltzen dute gola?

Egilea:

Data: 2013/02/16

MALAGA 1 ATHLETIC 0

Bigarren partida segidan galdu du Athleticek, aukera on batzuk alferrik galdu eta gero.

  • Boladaka bizi da Athletic. Hala ematen dute aditzera orain arteko datuek. Hotzak diren horiek, bai. Bolada txarrean egon zen asko ez dela; onean sartu zen gero; eta orain, berriro ere, txarra du zama. Bigarren partida segidan galdu du gaur. Malagak menderatu du (1-0).
  • Emaitza ez da espero zena izan. Ez galdu egin duelako, bi taldeen jokatzeko erak gol asko iragartzen zuelako baizik. Eta izan zitekeen halakoa, atearen aurrean kamuts antzean ibili direlako bata eta bestea.
  • Athleticek gaizki jokatzen zuenean galdu egiten zuen. Hobeto aritzen zenean, atearen aurrean asmatu ezinak kondenatzen zuen. Beti bazen zerbait… eta bada, oraindik ere. Gaurkoa, adibide: ez du puntu alerik batu ez duelako asmatu atearen aurrean.
  • Ez dio ondo-ondo ekin Bielsaren taldeak jokoari, nahiz eta lehen minutuan bi aukera sortu. Malagak hartu du baloia, eta kontu txarrak izaten dira horiek Athleticentzat. Baloia duelako lagun. Nagusi ere ez da oso nagusi izan etxeko taldea, baina nahikoa izan zaio gola sartzeko. Saviola izan da golegilea (18. min). Raulek ezin izan du ezer egin. Bai, Raulek, bera aukeratu duelako Bielsak, Iraizoz zaleek kritikatuaren kaltetan.
  • Golaren ondotik, Gurpegik min hartu du, eta San Jose sartu du entrenatzaile argentinarrak. Handik berehala sortu ditu Athleticek hiru aukera gozo gola sartzeko, baina ezin asmatu. Willy atezaina izan dela, punteria txarra izan dela, kale guztietan. Eta golik gabe, jai dago.
  • Bigarren zatian, ez da aldatu gidoia. Ezta protagonistak ere:  Willy, Ibai, Aduriz, Llorente… gogoratuko dira puska batean jokalari zuri-gorriak Argentinako atezainarekin.
  • Gogorra izango da hau esatea, baina bidea hau da. Jokoa txukuna izaten ari da. Baina bideak badu okerrik: golak sartzeko ezintasuna. Aukerak sortzea omen garrantzitsuena, sortzen dituenak sartzen dituela eta… Gaur-gaurkoz, sartuko dituenik ere sinesten lanak.