Grina eta obsesioa parean dituen lehia
2.B MAILA (2. multzoa)
Asteburua emankor datorkigu brontzez zipriztindutako futbolean. Zilar ukitua eta urre distira ere ez dira urrun izanen Mendizorrotzan. Alaves eta Eibar elkarren aurka Gasteizen. Horixe 25. jardunaldiko eskaintzarik oparoenetakoa.
14 jardunaldi falta diren arren, azterketa gogorra da Alaves eta Eibar nola dauden jakiteko, eta etorkizun hurbilari begira nola egon daitezkeen ondorioztatzeko. 2. B mailako II. multzo honetan oilarrik bada, bi hauen gandorra altu eta arroenetakoa da: gorputzaldi desberdinarekin, sentsazio kontrajarriekin baina nahi berarekin, aurkaria mendean hartzea. Bi aldeetako zaleentzat bizipoza da aurkakoa zelaian mendean hartzea. Hurrengo jardunaldiei aurre egiteko pizgarria, etorkizuna begiztatzeko pista.

Eibar-Alaves lehen itzuliko partida.
Nacho Gonzalezen taldeak sendo aurkeztuko du bere burua Mendizorrotzan. Lider dira aspalditik, eta badirudi tronutik kentzea ez dela erraza izango. Lehen postu hori xede nagusi hartuta, udan lan eskerga egin behar izan zuten, eta denboraldi guztian zehar gozoki asko ari dira dastatzen. Lehen txistu eta ohi zena une askoan, orain Arabako hiriburuan txalo sorta eta animo oihu bihurtu dira. Gonzalez entrenatzaileak ez dio ikuskizunari bide ematen, berak argi dauka garrantzitsuena irabaztea dela. Ondo jokatuz, seriotasuna erabat mantenduz eta defentsari garrantzia emanez. Hala egin izan du bere aurreko taldeetan, eta orain ere berdin. Zertarako aldatu gainera arbelak emaitza ona ematen badu? Ez sinestekoa da batzuetan talde babazorroak egiten duen defentsa lana. Errespetu handia ezartzen dute zentralek, hegaleko jokalariak euskarri garrantzitsuak dira, eta erdian aurrera begira lan egiten duten jokalariek ere ez dute sekula atzea ahazten. Ibaian argi dauzkate gauzak, atzeak erakusten du aurrea nola dantzatu, eta tranpaldoz-tranpaldo halaxe dabiltza. 12 gol bakarrik jaso dituzte denboraldi guztian. Eta etxean nekez uzten diete puntuei alde egiten. Meho Kodrok zuzendatutako Sanseren aurka estropezu egin zuten 0 eta 1 galduz, baina geroztik desberdin dira gauzak.

Alaves-Reala B partida, sasoi honetakoa.
Eguberri partean ere lan asko egin zuten bulegoetan, eta Miguel Martinez atezaina eta Gorka Laborda fitxatu dituzte. Atea beti da Gonzalezentzat zaindu beharreko gunea, eta aurrea berriz, ondo babestu beharrekoa. Ruben Negredoren lesioaren ostean, talde babazorroak Guzmanez, Vigueraz eta Barahonaz gain beste alternatiba bat nahi zuen, eta Labordaren alde egin zuten. Peña Sport gogotik ari da nozitzen Iruñekoaren falta, baina Gasteizen pozik dira. Jokalari zaildua, indartsua eta talderako lan handia egiten duena da bera. Itzaleko lanean argi-izpiak aurkitu zale, eta Gonzalez hasi da horren emaitzak ikusten.
Gogo berezi batekin ekingo diote babazorroek partidari, ez da harritzekoa gainera. Eibarrek errespetu handia sortzen du Gasteizen, eta beti da Alavesentzat garrantzitsu talde armagina mendean hartzea. Talde zuri-urdinak jaso dituen 12 goletatik Eibarrek 3 sartu dizkio. Lehen itzulian Ipuruan jokatutako partidan, Garitanoren estrategiak jan egin zuen Gonzalezena. Estrategia ezin hobeki erabili zuten gipuzkoarrek, eta ate aurrean fin jardun. Hori da Alavesek aurtengo denboraldian hartu duen jipoirik mingarriena, eta arantza kentzeko prest dira.
Armaginek berdina errepikatu nahi dute, baina nahia gauza bat da eta guztiz bestelakoa errealitatea. Bolada txarrean murgilduak dira Garitanoren mutilak. Lesioek ez diete bakean uzten, Ipurua ez da hasieran bezain garrantzitsu, eta etxetik kanpo asko kostatzen zaie irabaztea. 2 partidatan bakarrik poltsikoratu dituzte 3 puntuak Ipuruatik kanpo. Hori inolako zalantzarik gabe datu nabarmena da lehen postuan amaitu nahi duen talde batentzat.

Arruabarrena, Athletici sartu zion gola ospatzen.
Errege Kopak poz handia eman dio Eibarri, eta zaleek aspaldiko partez gozatu ederra hartu ere bai. Nekez ahaztuko dituzte San Mameseko balentria edota abenduraren 18an Malagaren aurka Ipuruan bizi izandako 90 minutu zirraragarriak. Baina hori iraganaren parte da, eta orain aurrera begiratu behar. Etxean azken 3 partidetatik 2 galdu egin dituzte. Garitanorenak gol gehien sartu dituztenak dira, baina atzean azkean aldian, hainbat arrazoi tarteko, hutsuneak handiak dira. Orain hilabete batzuk pentsaezina litzateke Zaragoza Bk adibidez Ipuruan 3 gol sartzea. Asko dira zaleek egiten dituzten galderak, baina erantzuna patuaren esku dago.
Barakaldoren aurka galdu ostean, Garitanok argi utzi zuen bolada hauek pasa beharrekoak direla eta ekaitz honen ostean argi daukala, eguzkia emankor aterako dela. Jokalariei haserako puntu hori falta zaie. Errastiren ausardia, Abaroaren zertzelada abilak, Mainzen lasterkaldiak, Arruabarrenaren golak, Navasen sendotasuna, Añibarroren aginduak, Gartziaren nortasuna, Sagastibeltzaren ziurtasuna, Arroyoren hegal aztoratzea, Iruretaren atepeko zuhurtzia, Boveda eta Berchicheren hegaleko kontrola, Jimenezen esperientzia. Guzti hau berriro ere lehengoratzea beharrezko dute armaginek, bestela nekeza izango zaie lehen itzulian eginikoa errepikatzea edota 4 lehen postuetan amaitzea. Bilbao Athletic, Amorebieta eta Barakaldo sasoiko daude, eta zain huts noiz egin Eibarrek aspaldi beretzat daukan txoko pribilegiatua ordezkatzeko.

Duela 2 denboraldi, Mendizorrotzan jokatu zen partidako argazkia.
90 minutuk baina askorako eman dezakete, eta bromak etxean utziko dituzte gipuzkoarrek. Txema Añibarrorik gabe baina lan talde ia osoarekin aukeztuko dira. Orain 2 denboraldi Mandiolaren esanetara 4 gol sartzeko moduan izan ziren Altuna zoragarri bat gidari zutela, eta berdina errepikatu nahi dute. Mendizorrotza Alavesek gotorlekutzat dauka, baina lehen itzulian 3 gol sartu zizkieten ordezkariak berriro ere Gonzalezen atzekaldeari koloreak ateratzeko prest dira.
Ordu gutxi geratzen dira duelu garrantzitsurako. Brontzezko liga maite baduzue eta bi entrenatzaile langileren emaitza desberdinez gozatu, ezin duzue Alaves eta Eibarren artekoa galdu. 2. mailara igotzea dute biek desio, baita itxura ona eman eta aspaldian triste izan duten zale bultzatzaileak gozaraztea. Babazorroak armaginen aurka. Lehen postuan mantentzeko grinak, itxura ona eman eta azkenaldiko mamuak ahazteko obsesioarekin egingo du topo.