Usteak ustela izan ohi du erdia

Egilea:

Data: 2013/02/11

ATHLETIC 0
ESPANYOL 4

Astindu handia hartu zuen Athleticek, eta bilakaera ona kolpetik moztu da.


  • Emaitza handia denean talde baten alde, itsusitzat edota aitzakitzat hartzen da bainaka hastea, baina atzo Athletici dena atera zitzaion oker eta gaizki. Horrekin bakarrik ezin da azaldu Espanyolen aurka 0-4 galtzea, baina neurri batean hala izan zen.
  • Ondo ekin zion Bielsaren taldeak jokoari. Aukera pare bat ere sortu zituen, baina kale… beste askotan bezala. De Marcosena argia izan zen. Ematen zuen, hala ere, aurreko bizpahiru partida onen bidean segituko zuela taldeak, baina usteak erdia ustel.
  • Geldikako jokaldi batean, Hector Morenok gola sartu zuen, eta gogorra da hau esatea, baina hantxe hasi zen itzaltzen Athletic, minutu asko aurretik izan arren. Munianek min hartu zuen, aldaketa etorri zen gero. Beste oztopo bat.
  • Espanyolek ondo ikasia ekarri  zuen Athletic geratzeko estrategia. Erasoan baloia galtzen zuenean, lerroak atzeratzen zituen, lauko bi lerro osatuz gehienean, eta etxekoen sakontasuna galarazteko, jokoz kanpokoa dotore egin zuten kataluniarrek. Erasoan, kontraerasoa izan zuen lagun… eta Sergio Garciaren lan bikaina (eta bakartia jokaldien hasieran).
  • Erasotik defentsarako bidea makal antzean egin zuen batzuetan Espanyolek, baina Athleticek ez zuen baliatu ahal izan, nahiz eta kontraerasoa (edo defentsatik erasora igarotzeko momentua) izan bere baliabide onenetakoa.
  • Bigarren zatian, hasi eta berehala, hondamendia: minutu batean, bi gol gehiago sartu zizkion Espanyolek. Akabo… lehendik ere akabo ez bazegoen. Hortik aurrerakoa hobe ahaztea. Bueno, beste baina hau aipatu egin behar da: Muniain min hartua ordezkatu zuen Ibai ere aldatu egin behar izan zuen Bielsak, minez hura ere. Kataluniarrek laugarren gola ere sartu zuten, Verduk penalti baten bigarren jokaldian. Noiz eta atzo geratu baitzuen Iraizozek penalti bat, 0-3 zihoazela. Iluntze arraro eta gogor baten beste katebegi bat izan zen.
  • Ondorioak: bizpahiru partida eta emaitza oneko bolada kolpetik eten da… eta berriz ere zalantzak hegan.  Zergatik? Posible al da? Iluntze txarra bakarrik bada, gaitzerdi.