Azkeneko tximistak erre
MALLORCA 1
OSASUNA 1
Luzapenean berdindu zion Mallorcak Osasunari, baina jaitsieratik kanpo segituko du.
- Bi talde larri. Mallorca erabat larri, eta Osasuna gutxixeago, baina estutasunetan. Beste final bat Mendilibarren taldearentzat, Deportivoren eta Celtaren aurkakoen ondoren. Hiru finalak batuta, 7 puntu batu ditu, eta kopuru ona da.
- Baina bikaina izan zitekeen, 9tik 9koa oso gertu izan zuelako. 71. minutuan azaldu zen eguzki bete-betea, Lolok gola sartu zuenean, baina 92. minutuan, kolpeko ekaitza batek harrapatu zuen Osasuna. Azkeneko tximistak erre zuen, Jeromelen bidez gauzatutako berdinketak.
- Gutxi da puntua, azken unean bi galtzen direnean gertatzen den bezala. Beste alderdi batetik begiratuta, ordea, gauza bat argi utzi du taldeak: oso lehiakorra izaten ari da aurkari zuzenen aurkako lehietan, gehiago izan da besteen aldean, eta hori da jarraitu beharreko bidea.
- Ez zuten arrisku handirik hartu nahi izan atzo bi taldeek hasieran. Mallorca hasi zen baloia erabiltzen, baina arriskurik sortu gabe. Osasunak presioa indartu zuenean itzali zen etxekoen ekimena. Ez zen ari estutasun handirik pasatzen Mendilibarren jokalari multzoa. Berak ere ez zuen asko estutzen, ordea, etxeko taldea.
- Lehen zatiko bi jokaldi nabarmenak hauek izan ziren: Rubenek gola sartu zuen 16. minutuan, baina epaileak ez zuen balekotzat eman; 43.ean, Giovannik huts egin zuen aukera etxekoentzat.
- Bigarren zatian, atzeraxeago ibili zen Osasuna, kontraerasoa baliatzeko asmoz, eta etxekoek aukera parea sortu zuten, baina Pereirak (60. minutuan) eta Hemmedk (70.ean) ez zuten asmatu. Segituan sartu zuen Lolok gola, korner batean.
- Mallorca eri geratu zen, eta ematen zuen… baina azken unean zapuztu zuen Osasunaren poza. Atzoko puntuarekin infernuko zulotik kanpo segituko du Osasunak.