Ospakizunak SA
Golak zaleei eskaini beharko zizkieten jokalariek, lehen bezala.
Golak lapurtu dizkigute zaletuoi. Hobe esanda, golen ospakizunak. Lehen, jokalari batek gola sartzen zuenean bere taldekide zein zaletuei eskaintzen zien. Momentu magikoa, errepikaezina, izaten zen:Minutu pare batez guztiok orro berean bat eginik, baita elkar gorrotatzen diren urlia, sandia eta berendia ere. Egun, badirudi gol bat sartu beharrean Oscar saria jaso dutela: oholtza gainera igo direlakoan hor hasten dira hau haurdun dudan emaztearentzat, beste hau laster haurdun izango dudan maitalearentzat, gaurko hirurak ilea mozten didan ile-apaintzailearentzat, buruaz egin dudan erremate bikaina urteak betetzen dituen ilobarentzat…
Athleticen ospakizun mota hau modan jartzen lehena Aitor Larrazabal izan zen, txupete famatuarekin. Ordutik hona denetarik ikusi dugu, bai San Mamesen zein beste edozein zelaitan: kolore guztietako dantzak, azpiko kamisetetan idatzitako mezuak (debekatu zituzten arte), txiza egiten ari den txakurraren edo sudurra zuritzen ari denaren imitazioak, maskarak, performance arretatsuak ( honen adibidetzat garai batean youtube-n bolo bolo zebiltzan finlandiar taldearen show barregarriak), praka motzak jaitsi eta taldearen kolore bereko galtzontziloak erakutsi dituenik ere egon da…
Ospakizun hauetako batzuk hunkigarriak izan dira, beste asko barregarriak, eta egon da auzo-lotsa eragin duen bat edo beste, baina horren gainetik badago ia guztiek amankomunean duten zerbait: zaletuarekiko errespetu falta. Gol horiei guztiei zentzua eta garrantzia ematen diena harmailak betetzen dituen jende saldoa baita. Bestela, irudikatu dezatela gola sartutakoan harmailetan euren emaztea, maitalea, ile-apaintzailea eta iloba bakarrik baleude. Euren bizitza oso desberdina izango litzateke. Hori behintzat zor digute.