Izar beltzen itzala
AFRIKAKO KOPA
Ghana entzuten dugunean izen bat datorkigu gogora: Ayew. Saga baten deitura da: Abedi, Abdul Rahim, Andre, Jordan… Ayew. Enbor bereko ezpalak guztiak ere. Abedi aita, Pele goitizenez ezaguna, Ghanako inoizko futbolaririk onena dela diote (Marcel Desaillyren palmaresa potologoa da). Bere hiru semek bere arrastoari jarraitu diote, baina ez daude Afrikako Kopan. Futbolari gazteen eta hain gazte ez direnen gorabeherak…
Ghana beti izan da erreferentzia gazte mailako txapelketetan. 1991ko 17 urtez azpikoen Mundialean gailurra zapaldu zuen. Italian gailendu ziren aurrenekoz goi-mailako txapelketa batean. Jokalari haiek oso deigarriak ziren: dinamikoak, fisikoki ikaragarriak, baina nahikoa kamutsak erasoan. Urte batzuk geroago Ghanak koska bat igo zuen, 20 urtez azpikoen Munduko txapelketa irabazita. Eta 2010eko nagusien Munduko Kopan, Hegoafrikan, finalerdietatik oso hurbil izan ziren Andre Ayew gaztea eta bere taldekideak; final ataritik hamaika metrora.
Andre eta Jordan Ayew (anaietan gazteenak) Marseillan ari dira, Abedi aitak zabaldutako arrastoari jarraiki. Abdul Rahimek, berriz, Lierse SK taldean jokatzen du, Belgikako ligan.
Hiru horien aita futbolari gogoangarria izan zen 1990ko hamarkadan, bere erritmo aldaketa eta ezker zorrotzari esker. Frantziak klub mailan duen garaipenik handienaren iturburua izan zen Ghanako futbolaren mitoa. Munichen, 1993ko udaberri hartan, Basil Bolik buruz behera bota zuen Milan Europako Kopako finalean; Abedi Pelek atera zuen kornerra. Ohi bezala: zehaztasun handiz, ezkerrez.
Ayewtarren aita selekzioko liderra izan zen urte haietan. Afrikako futbolari arrakastatsuen aitzindarietako bat Europan. Andre semea ere ezkerra da, fisikoki aita baino bortitzagoa; etorkizun oparoa du erasoko erdilariak. Olympique Marseillako zaleen jokalari kutuna da. Jordan, anaia gaztea, aurrelaria da: golegilea. Andre baino koska bat beherago dago. Abdul Rahim, anaia nagusia, euren itzalean bizi da, Liersen euskarri.

Desailly eta Abedi Pele, Europako Koparekin.
Harritzekoa Abediren semeak Afrikako Kopan ez izatea. Andre zerrendan zegoen, baina ez zen adostutako egunean kontzentraziora azaldu, eta Kwesi Appiah hautatzaileak deialditik kanpo utzi zuen. Jokalaria ez zirudien kezkatuta horregatik; aitak ere ez zuen txintik ere esan. Bitxia!
Ayew anaiak ez ezik, Sammuel Inkoom, Michael Essien, Kevin Prince Boateng eta Sulley Muntari bezalako jokalariak ere ez daude Hegoafrikan. Kontinenteko txapelketa iristen denean, Europan ari diren izarrek beste lehentasun batzuk dituzte. Baina gehienak, gazte mailako selekzioetan lortutako ospeari esker iritsi ziren Kontinente Zaharrera.
Bidean galdutako izar beltzak, ordea, (Ghanako selekzioko futbolarien goitizena) anitz dira. Abedi Ayew Pele azken txanpan sartuta zegoela, Europara gazte ospetsu bat iritsi zen 1990. urtean. Ghanatik iheska zebilen. Bizitza latza izan zuen txikitatik etxean, eta baloiari eutsi zion iraunbizitzeko. Urtebete lehenago Eskozian jokatu zen 16 urtez azpikoen Mundialean zeresana eman zuen mutil hark Ghanako selekzioarekin, eta ustekabean Bruselan azaldu zen, Stephen Keshi Nigeriako kapitain eta Anderlechteko atzelariaren laguntzarekin. Park Astriden ezin zuten sinistu: “Nii Lamptey zarela!!!”.
Garai haietan futbolari gazteen balentriak ahoz-aho ibiltzen ziren, kondairak bailiran. Nekez izaten baitziren gazteen nondik norakoak aztertzeko irudirik. Eta Lamptey askoren ahotan zebilen. Anderlechtek bera zela ziurtatu zuenean berehala fitxatu zuen. 16 urte zituen Nii Lampteyk.

Nii Lamptey
Urtebete geroago, Munduko txapeldun atera zen 17 urtez azpikoekin. Italian jokatu zen txapelketa, eta finalean Espainia hartu zuen mendean Ghanak. Yaw Preko aurrelariak Lampteyrekin bat egingo zuen gero Anderlechten. Maisu onak zituzten bi horiek Bruselan: Marc Degryse, Luc Nilis eta Luis Oliveira aurrelari ospetsuak, hurrenez-hurren.
Arrakastaren usainean, bitartekariak muturra sartzen hasi ziren. Artean 19 urte ez zituela PSV Eindhovenek fitxatu zuen. Romario Bartzelonara joan zen, eta Ronaldoren aurretik Lamptey fitxatu zuten holandarrek etorkizuneko izar gisa. Dirua pilatzen hasi ziren bere bitartekariak, urtez urte jokalaria batera eta bestera mugituta: Aston Villa, Coventry… handik Portugalera, Alemaniara, Turkiara, eta hala 2008an Cosmosen amaitu zuen arte. Nii Lampteyren distira oso gazte hasi zen itzaltzen, bere ibilbidea besteek finkatu zutelako.
Neguko merkatu honetan Ghanako beste gazte bat iritsi da Anderlechtera: Frank Acheampong. Messi deitzen diote. Frank Messi Acheampong. Thailandiatik iritsi da. Aurrelaria. Nii Lampteyren antz handia du. Bortitza da, atleta, gol errazekoa. Hainbat, Belgikan behin izan zuten gazte harekin gogoratuko ziren. Orain, Lampteyk nahikoa lan du bizitza aurrera ateratzen. Beharbada, behin batean, etiketa bat bizkarrean jarrita, baloi baten moduan erotzeraino mugitu zutelako, hainbat futbolari afrikarrekin gertatzen den bezala.
Ayewtarrekin hori ez da posible. Aitak zabaldu zuen bidea, eta etxean dute heldulekua. Baina semeak ez daude Afrika Kopan. Haien partez, ustekabeko izar beltz bat piztu da Hegoafrikan: Wakaso Mubarak, Espanyoleko jokalaria. Golez-gol, dir-dir egiten duen erdilari sutsua.

Wakaso