Lege zaharrean

Egilea:

Data: 2013/02/02

OSASUNA 1
CELTA 0

Beste aurkari zuzen bat gainditu du Osasunak Sadar zaharrean, eta zulotik kanpo da behin-behinean.  

 

  • Eguraldi txarra Iruñean, Sadar zaharra euripean, zelaian putzuak… Aspaldiko garaiak gogoan… Eta aspaldi hartan bezala, Osasuna garaile. Bigarren garaipena segidan du taldeak etxean, eta bide egokia da erabat: etxeko puntuak beharrezkoak izango ditu mailari eutsi ahal izateko. Are gehiago aurkaria zuzena denean, gaur Celta bezala.
  • Golak ere aspaldikoen tankera izan du. Area barruko jokaldi nahasi horietako batean, Armenterosek bota du baloia sarera. 1-0 (55. minutuan). Hortik ondorengoa ondo kudeatu du Osasunak, gauzak erraz eginez, zaildu gabe eta bere burua arazoetan sartu gabe. Lege zaharrean, alegia.
  • Gola sartu eta ondorengo jardunean, apenas sufritu du Osasunak. Celta ondo lotu du. Berak ere ez du aurkaria asko estutu. Partida ireki egin da une batean, baina Osasunak ez du baliatu aukera hori.
  • Golaren aurretik, lehen zatiko kontuetan, tarte batean nagus izan da Osasuna, eta bi aukera on ere eduki ditu: 25. eta 29. minutuetan. Aurrenekoan, Armenterosek langara bota du baloia, eta bigarrengoan, Cejudoren erremateari oztopo gaindiezina jarri dio Javi Varas Celtako atezainak.
  • Lege zaharreko partidetan askotan gertatzen den bezala, gola sartu duenak lortu ditu puntuak. Gol bat aski izan zaio Osasunari. Zenbakiek ez dute gezurrik esaten. Hemezortzigarren gola du sasoi honetan, eta Granadarekin batera gol gutxien sartu duen taldea da. Ezinbestean baliatu behar ditu gutxi horiek puntuak batzeko, eta horretarako ezinbestekoa du defentsako lan ona egitea. Eskerrak horri. Gaur atea hutsean. Datu hau deigarria da alde horretatik: bosgarren taldea da gol gutxien hartzen dituztenen sailkapenean.
  • Gato Silvak jokatu egin ditu minutu batzuk, aurrenekoak Osasunan. 22 minutuz egon da zelaian, eta nahikoa izan da bere ezaugarri nagusia izan daitekeenaren berri emateko: lege zaharreko jokalaria da. Gauzak erraz egiten ditu, saiatua da eta langilea. Osasunako jokalaria, azken batean. Zelai erdiari emango dio falta zitzaion argitasuna jokoa sortzeko garaian.
  • Puntu kopurua hogeikoan sartu da. Hamarrekoak gaindituta daude, eta txorakeria ematen badu ere, psikologikoa da hamarrekoak gainditzen joatea. Hamarrekoak gutxi adierazten dute, hogeikoek beste adiera bat hobea dute.