Handitik txikira
VALLADOLID-ATHLETIC (gaur, 21:30)
Joko onarekin segitzea eta puntuak batzen jarraitzea ditu helburu Athleticek.
Handia egin du Athleticek azken bi jardunaldietan: ondo jokatu. Ezinezkoa ematen baitzuen. Lehen, astea joan eta astea etorri, ezin maila txukunik eman. Noizean behineko zertzeladak bakarrik. Eta jakina, horrekin bakarrik ezin da emaitza onik lortu.
Azken bi partidetan, Betisen zelaian eta Atletico Madrilen aurka etxean, denboraldiko bi neurketa onentsuenak osatu ditu Bielsaren taldeak. Ondorioa: lau puntu batu dituela. Bestea: sailkapenean, urrundu egin dela atzeko zulotik.
Valladoliden du lehia gaur. Helburua izango da maila onari eustea, eta handitasun horri beste pauso txiki bat gehitzea. Puntutan neurtzen den pausoa. Batek besteak ekarriko dio. Jokoak puntua(k). Jokoari eusten badio, ez ditu urruti izango hirurak.
11koan, Gurpegik jokatuko du Ekizaren lekuan, eta gainerakoak joan zen igandekoak izango dira.