Jokoa eta puntuak
ATHLETIC 3
ATLETICO 0
Joko onari segida emanez, eta eraginkortasuna azalduz oraingoan, garaipen handia lortu zuen Athleticek.
- Erronka zen Athleticentzat atzoko partida. Betisen aurka erakutsi zuen jokoa berriz azaldu edo ez, horra zalantza. Atletico Madril aurkari deserosoa izanagatik erronka gauzatzeko, Athleticek erakutsiko ote zuen gai dela aurten ere bere jokoari esker edozein menderatzeko?
- Lehen zatian, une batzuetan erakutsi zuen baietz. Hasiera zoroa izan zuen neurketak. Bi taldeentzat aukerak, baina ezin bi atezainen lan bikaina gainditu. Edozein jar zitekeen irabazten hasiera horretan. Gero, pixkanaka, Athletic egin zen baloiaren jabe, eta Atletico Madril atzean sartu zen, hainbeste gustatzen zaizkion bi baliabide oinarri hartuta: atzean sartze hori, eta kontraerasoa baliatzea. Egiari zor, dotore egiten du defentsako lan hori. Atzo, 4-1-4-1 sistema edo marrazkia erabili zuen, lerroen arteko tarteak asko murriztuz. Euskarri horren lana zen Athleticen hain ohikoak diren barruko desmarkeak geratzea.
- Baloia zuen Athleticek, baina zulo gutxi. Hala ere, ez zuen etsi, eta are garrantzitsuagoa: oparirik ez zion egin aurkariari, kontraerasoan atera zedin. Konfiantzaren zantzuan dira horiek, Bielsaren jokalariak ari dira jokoan gozatzen berriz, eta puntuak gorabehera, horixe da albiste onena.
- Bigarren zatian lehertu zen dena. Lehen bizia izan zena une batzuetan, abiadura amaigabea bilakatu zen. Hautsi egin zen partida. Edo hobe esateko, Atheticen erritmo ‘eroak’ txikitu zuen aurkaria. San Josek 50. minutuan sartu zuen gola, eta horrek ere aldarazi zion estrategia aurkariari: ez zion balio atzean sartu eta kontraerasoan aritzeko aukerak. Ireki egin zen, eta Athleticek ere irekiarazi egin zuenez, han hasi ziren biak gora eta behera. Kolpea kolpeari.
- Beste hainbat partidarekin alderatuta, aldea egon zen Athleticek hobeto defendatu zuela, indartsuago, sendoago… Konfiantzaren zantzuak berriz, eta akaso, sasoi fisiko onena oraintxe hartzen hasiak direnaren adierazlea.
- Bigarren eta hirugarren golak sartzeko minutu batzuk joan ziren, eta estu egon zen emaitza. Baina jokoan nabari zen Athletic zela nagusi, eta Atletico zebilela etxekoen doinuan dantzan. Bigarren eta hirugarren golak bikainak izan ziren. Umeei eskoletan erakusteko modukoak, entrenatzaileei eskoletan irakastekoak. Bi kontraeraso zehatz bezain zital. Bigarren golean, mugimenduen oreka azaldu zuten beste behin Bielsaren jokalariek. Hain oinarrizkoa dena, baina oso talde gutxik egiten dutena: Adurizek erditik eskuinera jo zuen, eta Susaetak bete zuen aurrelariak utzi zion zuloa, eskuinetik erdira joz. Espazioak sortu, bete eta baliatu. Susaetak gola. Zoragarria. Hirugarrena De Marcosek sartu zuen.
- San Mamesen festa. Joko ona eta puntuak. Inoiz itzuliko ez zela ematen zuen jokoa bueltan da. Joera horri eusten badio taldeak, bigarren itzuli zirraragarria bizitzeko moduan izango da zalea.