Inor ez zen harritu
BARTZELONA 5
OSASUNA 1
Emaitzak adierazten duena baino zailtasun gehixeago jarri zizkion Osasunak.
- Bartzelonak partida bat galtzea ia miraria da. Bi segidan galtzea, ia ezinezkoa. Atzo, bere zaleen aurrean, irabazi beharrean zen, joan zen jardunaldian Anoetan galdu eta gero. Osasuna egokitu zion parean egutegiak, eta emaitza potoloaz menderatu zuen. Beste talde bat izan bazen ere, antzera egingo zuen. Inor ez zen harritu.
- Emaitzak azaltzen duena baino lan gehiago eman zion Osasunak. Ohi bezala jokatu zuen Mendilibarren taldeak: defentsako lanean taldea asko elkartu zuen, atzeko lerroa aurreratuz. 10. minuturako galtzen zen, Messiren gol gosea ez baita inoiz asetzen.
- Baina nafarrek ez zuten etsi. Bartzelonan jokatzen denean edo Bartzelonaren aurka jokatzean, ondo barneratuta eduki behar da hori gerta daitekeela. Eta askotan gertatzen da. Ez da etsi behar, eta Osasunak lanean segitu zuen. Erasoan zebilen bakoitzean eta baloia galdu orduko, presio altua egiten zuen, goian. Saria ere izan zuen, Loek berdindi egin baitzun. 25. minutua zen.
- Gero okertu zituen gauzak epaileak. Handik minutu gutxira, bira, penaltia Bartzelonaren alde, eta Arribasi bigarren txartel horia. Kalera. Non eta Bartzelonaren zelaian. Mendilibar ere bota zuen kalera epaileak jokaldi horren harira. Messi golegile berriz.
- Lehen zaila zena orain ezinezko. Jokalari bat gutxiago, eta aurrean, hamabostekin jokatzen ari den sentsazioa ematen duen taldea, bere joko bikaina eta zehatza ardatz. Osasunak, hala ere, bereari eutsi zion, defentsako estrategia ez zuen aldatu, ausardia galdu gabe.
- Hirugarren gola Pedrok sartu zuen, jokoz kanpoa baliatuz. Zigorra handiegia zen, aurkariarena eta epailearena. Baina lanean segitu beharra zegoen.
- Bigarren zatian, hamabi minutuan, Messik beste bi gol sartu zituen. Lau guztira. Ematen zuen sekulako zartakoa jaso behar zuela Osasunak berriz Bartzelonan (iaz, zortzi gol jaso zituen). Baina ez zen halakorik gertatu. Etxekoek nagusi izaten segitu zuten, Osasunak ahal zuena egiten jarraitu zuen, eta horrela joan ziren minutuak. Erori eta gero, jaiki beharra dago.