Erronka
ATHLETIC-ATLETICO MADRIL (gaur, 21:00)
Hiru puntuen premiari beste lan bat gehituko zaio Athletici: joan zen asteleheneko jokoa egitea eta talde gogorra menderatzea joko horren bidez.
Betisen aurka jokatu aurretik, Pepe Mel andaluziarren entrenatzaileak esana: “Athleticek bere erritmoa ezartzen badu, ito egiten zaitu, lehertu”. Neurketan, bigarren zatian, horixe egin zuen Bielsaren taldeak.
Askotan burutu zuen lan bera taldeak joan zen denboraldian. Orain, ordea, ez. Betisen aurka izan ezik.
Atletico Madril lehertuko al du gaur gauean San Mamesen? Hori du erronka taldeak. Lehertzen badu, premia beteko du, edo gertu egongo da betetzetik: hiru puntuak batzea. Jakina, golak sartzen asmatu behar.
Ez da aurkari samurra. Ez da Betis. Hark jokatzen uzten duen bezala, Atleticok apenas. Abila da aurkariaren erritmoa makaltzen… eta abila, berea inposatzen. Falcao ez da ariko, eta gaitzerdi, bera baita Athleticen zigortzaile handienetakoa.
Ikusmina dago atarian: erronka gauzatzeko gai izango ote den edo ez taldea. Edo aurkaria nagusituko zaion. Polita dator gaur gauekoa.