Aurrenekoa eta azkena
OSASUNA-DEPORTIVO (gaur, 12:00)
Osasunak ezinbestean irabazi behar dio bera bezala zuloan dagoen aurkariari.
Urtarrilak 20 egin ditu, eta ekaina urrun dago. Orduan amaituko da liga, baina Osasuna gaurtik hasiko da finalak jokatzen… lehenagotik hasia ez badago.
Sailkapenak ez du gezurrik esaten: Osasuna azkena, 15 puntu. Deportivo, gaurko aurkaria, azken aurreko, 16 puntu. Orain arteko emaitzekin, zulotik kanpo dagoen aurreneko taldea Celta da, eta 19 puntu dauzka. Granadak 20.
Finalak irabazi egin behar dira, horretarako jokatzen dira. Hala esaten da txapelketetako finaletan, garailea zehazten duten neurketetan. Baina finalak zuloko taldeek ere jokatzen dituzte. Bat, bi, hiru, lau, bost… Asko denboraldian zehar, zoritxarrez.
Finala berdin azkena. Aurrenekoa gaur Osasunarentzat azkeneko horien baitan, beste final askoren barruan.
Aurkaria, zaila. Indartu berria, jokalariz, entrenatzaileaz eta emaitza onez. Lau puntu azken bi partidetan. Kontuz. Irabazi egin behar zaio konfiantza handitua duen talde horri. Gai izango al da Osasuna? Komeni zaio. Behar du. Bestela…