Askatasunaren deiadarra
AFRIKAKO KOPA
Afrikako Koparen lehen ekitaldia Sudanen jokatu zen 1957an. Egipto atera zen garaile. Txapelketa hartan soilik hiru selekziok hartu zuten parte: Sudan antolatzaileak, Egipto txapeldunak eta Etiopiak. Kontinenteko herrialdeak kolonizazioak eragindako hamaika gatazkatan murgildurik zeuden. Futbola erakusleiho eragingarria izan zen boteretsuen ankerkeria mundu osoari erakusteko. Testuinguru hartan, Aljeriako futbolariak heroi bihurtu ziren. Betiko.
Rachid Mekhloufik eta bere herrikide futbolariek Frantziatik alde egin zuten 1958ko gau hartan. Atzeko atetik, badaezpada. Traidoretzat jo zituzten hanka egin zutela jakin bezain pronto. Hexagonoko hedabideek gogor jo zuten aljeriar haien aurka hurrengo egunean. Mekhloufik eta bere lagunek ez zuten frantziarrak izaten jarraitu nahi. Bizimodu erosoa zuten metropolian, futbolaren jainko antzekoak ziren, baina ez ziren zoriontsuak. Euren erroak beste nonbait ziren; Frantziak aspaldi konkistatu zuen lurralde hartan. Oilarraren kukurrukuari lotuta bizi ziren, harik eta kateak haustea erabaki zuten arte.
Saint-Etiennen elkartu ziren guztiak. Mekhloufi Les Verts ospetsuen ikurra zen: “garai hartako Platini edo Zidane”, Jacques Vendroux kazetariak behin esan zuen moduan. Frantziako militarrekin Munduko txapeldun atera berria zen Saint-Etienne futbol taldeko aurrelaria. Baloia besapean hartuta jaioterrira itzultzea proposatu ziotenean, begiak itxi eta aurrera egin zuen: “Frantziako ereserkia entzuten genuenean ez zen gauza bera. Aljeriakoa barru-barruraino sartzen zitzaigun”.
Rachid biboteduna Frantziako selekzioarekin Suediako Mundialera joatekoa zen, Raymond Kopa eta Just Fontainerekin, besteak beste. Urdinen erasoaren hornitzailerik oparoena zen Mekhloufi. Frantziako txapelketan ari ziren beste zortzi aljeriarrekin batera Genevara jo zuen, Tunisiarako hegazkina hartzeko. Segurtasun kontrol guztiak gainditu zituzten. Tunisiako Majestic hotelean egin zuten hitzordua. Han sortu zen FLN (Nazioaren Askatasunerako Frontea) izeneko futbol taldea.

Rachid Mekhloufi
Lau urtez mundu osoan ibili ziren, Aljeriaren askatasuna aldarrikatuz. Futbolaren bitartez iraultza egin zuten jokalari haiek, bidean aurkitu zituzten trabei ixkin eginda. FIFA erakundeak ez zuen talde hura onartzen; hala ere, aljeriarrek goi-mailako aurkariak topatu zituzten futbolean jokatzeko. Tunisiari 8-0 irabazi zioten estreinako neurketan; tartean, Jugoslavia, garai hartan punta-puntakoa zen taldea ere mendean hartu zuten. Europa ekialdean aritu ziren, Vietnamen, Hego Amerikan ere bai… Aljeriak independentzia erdietsi zuen arte. 1958-1962, herri bat harro sentiarazi zuen taldearen deihadarra.
FLN taldea, aurrerantzean, Aljeriako selekzio ofiziala izango zen, Frantziaren kateak hautsita. Rachid Mekhloufik Genevako Servetten jokatu zuen hurrengo denboraldian, Saint-Etiennek berreskuratu zuen arte. Txistu artean hartu zuten zaleek Frantzian, traidoretzat. Baina bere joko dotorearearekin, atea etengabe zulatzeko dohainari esker, jarraitzaileak alde jarri zituen berehala. Berdeekin lau aldiz irabazi zuen Frantziako Liga 1960ko hamarkadan, eta agurra itzela izan zen: 1968ko Kopa finalean Bordele mendean hartu zuten bi golak egin zituen Rachid Mekhloufik. Partida amaieran, urrezko domina paparrean jarri eta zera esan zion Charles De Gaulle presidenteak: “Frantzia zu zeu zara”.

FLN taldea
Aljeria gaztea 1982an sailkatu zen lehen aldiz Munduko txapelketa jokatzeko. Rachid Mekhloufi zen hautatzailea. Mundialera bidean, besteak beste, Real Madril mendean hartu zuten magrebiarrek. Aljeriaren inoizko talderik onena zen hura. Garai hartan puri-purian zeuden Diego Armando Maradona, Michel Platini, Zico… talentu handiko erdilariak. Haien artean zen Lakhdar Belloumi, Aljeriako joko-gidaria. Zinez bikaina. Herrialde hartako jokalarien trazakoa: teknikoa, bizia, argia. Belloumi selekzio bikainaren arkitektoa zen. Alemania ahaltsua mendean hartu zuten Molinonen, joko erakustaldia eginda, Rabah Madjer eta Belloumiren golei esker. Brasil eta Frantziarekin batera Espainiako Mundialean jokorik ikusgarriena egin zuten Fennec direlakoek. Tartean, Djamel Zidane, Real Madrilgo jokalari ohiaren osaba zegoen; eta bi aurrelari bikain: Tedj Bensaoula eta Salah Assad.
Austriak eta Alemaniak elkarren kontrako partidaren emaitza adostu zuten, Aljeriaren kaltetan. Austriarrek Alemaniari irabazten utzi zioten (1-0). “Tongo, tongo, tongo”, ozenki entzun zen Gijonen. Ikuskizuna lotsagarria izan zen. Baloiarekin gozatzen jarraitzeko aukera zapuztu ziguten; futbolari apartak aljeriar haiek!

Djamel Zidane, 1982ko Munduko Kopan, Austriaren aurkako partidan
Handik hiru urtera, 1985an, Juventus Algerrera joan zen adiskidantzazko partida jokatzera. Aljeriako selekzioa zen aurkaria. Italiarrak Europako txapeldunak ziren eta egun hartan Belloumik zerua ukitu zuen: 3-2 irabazi zuten afrikarrek. Platini aho bete hortz utzi zuen bere parekideak. Aljerian diotenez, Belloumiren inoizko partidarik onena ikusi zuten Juventusen aurka. Murtziak fitxatu nahi izan zuen ondoren. 50 milioi pezeta jasoko zituen GC Mascara taldeak, baina Belloumik atzera egin zuen. Zoriontsua zen bere jaioterrian. Rachid Mekhloufiren ikasle fina Lakhdar Belloumi handia!
Baina belaunaldi liluragarri haren inguruan susmoak zabaldu ziren urte batzuk geroago, hiru jokalarik euren egoera pertsonalaren berri eman zutenean. Mohamed Kaci-Saïd, Mohamed Chaïb eta Djamel Menabek garaipen handiez gain, badute beste zerbait komunean: seme-alaba ezinduak dituzte. Hainbat taldekidek bezala. Mohamed Chaïbek El Watan egunkariari egindako adierazpenetan: “Geure seme-alaben gaixotasunak futbol profesionalaren jardunarekin loturarik ba ote duen argitzea eskatu dugunean isiltasunaren hesiarekin egin dugu topo. Egia jakin nahi dugu”.

Vahid Halilhodzic
Aljeriak ez du 1980ko hamarkadan bezalako belaunaldirik ikusi. Aspaldian galduta ibili ondoren, orain erroetara itzuli nahian dabil, Vahid Halilhodžić entrenatzaile bosniarraren eskutik. Coach Vahid fitxatu dute, bai! Entrenatzaile gogorra. Belloumik artistarena egiten zuenean, Halilhodžićek Frantziako ateak zulatzen zituen Nantesen elastikoarekin. Burugogorra, bai,Vahid!