Lana ez da nahikoa

Egilea:

Data: 2013/01/06

SEVILLA 1
OSASUNA 0

Zulotik atera ezinda segitu beharko du Osasunak.

  • Osasunak egin duen partida Lehen maila ez den beste edozein mailetan jokatu izan balitz, ez zuketen galduko gorritxoek. Lana, sakrifizioa, defentsako lan taktiko ona… horiek denak izan ditu taldeak Sevillan. Baina hau elitea da, eta egindako guztia gutxi ez bada ere, beste zerbait behar da. Kalitate teknikoa, joa, distira… nahi den izena jarri. Neguko lanak udakoak baino hobeto egin beharko ditu klubak bulegoetan. Bestela, majo sufritu behar dute denek oraingo lekuan irauteko.
  • Lehen zatian, nahiko kontrolpean izan du neurketa Osasunak. Batez ere, atsedenaldiaren aurreko minutu luzeetan. Zelaia moztu dio Sevillari, defentsako lerroa aurreratuz, eta etxekoak ez dira gai izan jokoa lotzeko tarte horretan. Baina hori lanaren erdia baino ez da; beste erdia falta: aurkariak atea dauka, atezaina, eta horra iritsi egin behar da partidak irabazteko. Iritsi da, nolabait, eta atera ditu korner mordoa lehen zati horretan, baina kale bata bestearen atzetik. Erasoko jokoan hain kamutsa den taldeak etekin handiagoa atera behar die halako jokaldiei.
  • Bigarren zatian, Sevilla gehiago izan da. Defentsako lanean, Osasuna ez da oso eroso ibili, taldea atzean sartuta egon da gehiegitan, eta horrek bi ondorio izan ditu: baloia hartzean berehala galduz gero, ezin atzetik atera, eta Sevilla nagusiago; bestetik, beste alderdia: kontraerasoan aritzeko leku gehiago. Baina taldeak ez daukan hori behar da… eta Ninori esatea taldekideak gola sartzea ere ona dela, berak sartzen ez badu ere. Sekulako aukera bota du pikutara aurrelariak kontraeraso batean. Oierrek bikain eraman du baloia, Solak leku ederra utzi die Ninori eta Lamahri, baina azken horrek ez du baloia jaso, Nino berekoia izan delako; berak jaurti du atera.
  • Momentu txar horiek gainditu egin ditu Osasunak, nola edo hala, baina ikusten zen Sevillak baduela zerbait Osasunak ez duena. Gola sartu dio. Korner baten segidako jokaldian. Andres Fernandezek ezin ditu denak geratu, nahikoa eta gehiegi egiten du bestela ere. Bi urruntze eder egin ditu jokaldi horretan, baina hirugarrenean, ia ahoko zuloan, Spahicek sartu dio gola (lehen gola du Sevillarekin, 42 partidatan).
  • Hortik aurrerakoan, ezina nagusi. Saiatu bai, horretan ez du aitzakirik taldeak, baina saiatzea baino zerbait gehiago beharko du Osasunak zulotik ateratzeko.