Asturiasko printzea

Egilea:

Data: 2013/01/02

INGALATERRAKO LIGA (erreportajea)

Michu da Premier Leagueko golegile onenetakoa. Swanseako jokalaria urteetako lanaren saria ari da jasotzen. Hauxe da bere ibilbidea.

Jende andana harmailetan. “Puxa Uvieu!”, entzuten da txoko batetik. Danbor hotsak, nostalgiaz beteriko ahotsak. Pankarta handi batek garai bateko Carlos Tartiere futbol zelaraira eraman gaitu: Peña Azul Chiribi, dio. Berto, Oli, Carlos eta enparauen garaiko oroitzapenak. Baina talde urdinak garai hartako distira galdua du. Zubietako eguerdi bero hartan gazte kuadrila bat zelairatu zen Sanseren aurka indarrak neurtzera. Urduri zeuden.

3. maila sahiesteko borrokan ari zen Oviedo garai hartan. Ezinean. Gazte haiek nahikoa lan zuten kirioak mendean hartzen: iragana astunegia zen arduraz gainezka zegoen talde gazte harentzat. Minutuek aurrera egin ahala, zaleen animoak ozpintzen hasi ziren, jokalarien aurkako oihu bilakatuz.

Sansen, Carlos Martinez, Dani Estrada, Elustondo, Zurutuza, Agirretxe eta Viguera zeuden, besteak beste. Oviedon, berriz, elastiko urdinaren bizkarrean Michu goitizena zeraman mutil hankaluze bat. Nor zen gazte dinamiko hura? Talde-jokalari fina. Zelai erdian batera eta bestera zebilen, baloirik gabe aurkaria estutu, taldekideei etengabe lagundu, eta gora iristeko grina zuen gaztea. Oldarkorra.

Oviedok partida hura galdu zuen. Amaieran zaleek estu hartu zituzten bere mutilak, Michu tartean. Kopetilun sartu ziren aldagelara. Etxerako bidaia luzea izan zen, denboraldi hartako gehienak bezalakoa. Urdinak 3. mailara jaitsi ziren azkenean.

Orduan, Vigotik eskaintza jaso zuen erdilari ile-horiak. Celta B taldean jokatzeko. Baina aurki igo zuten talde nagusira. Poztu ginen, Zubietan sufritzen ikusi genuen mutilak Balaidosen argia aurkitu zuelako. Bazuen zerbait, bai, Michu hark. Lana, lana, lana, eta halako batean, gola. Mutil azkarra. Gol sena berezia zuen. Michu beti ustekabean. Berezkoa du.

Hasieran, dozena erdi bat gol ziren denboraldiko. Celtan jokatu zuen azken denboraldian, Teneriferi Balaidosen sartutako golak lider jarri zuen talde galiziarra otsailaren hondarrean. Korrika bizian joan zen Michu harmailetara, pozarren. Azken hilabeteak ez ziren samurrak izan, kontratua amaitzear zela, Vigon ez jarraitzea erabaki zuelako. Horregatik gutxiago jokatzen hasi zen, baina Paco Herrerak ez zuen baztertu, bere garrantziaz jakitun.

Celtak neguko merkatuan saldu nahi izan zuen. Sportingek Lehen Mailan jokatzeko aukera eskaini zion orduan Michuri. Milioi euro inguru jasoko zuen talde galiziarrak eta fitxaketa begi onez jo zuen Manolo Preciadok. Jokalariaren familia pozik zegoen, etxera itzuliko zelakoan, baina Michurentzat hura ez zen etxera itzultzea, bere etxea ez baitzen zurigorria, urdina baizik. Bihotzari jaramon egin zion. Ez zuen bere burua Sportingen ikusten, sentipen kontuengatik, eta eskaintzari muzin egitea deliberatu zuen. Horrelako aukerak behin bakarrik iristen dira gehienentzat. Baina Michuk beste bide batetik iritsi nahi zuen goi-mailara. Sinisten zuen.

Denboraldi amaiera gogorra izan zen Vigo aldean. Celtak kale egin zuen play-offean Granadaren aurka. Penalti jaurtiketetan Michuk huts egin zuen. Celta Bigarren Mailan geratu zen eta Rayo Vallecanok zabaldu zion atea Michuri. Denboraldi amaieran kontratua amaituko zuela jakina izanagatik, soilik Vallecasko klubak egin zuen bere alde. Paco Herrera, Celtan izan zuen entrenatzaileari entzundakoa: “… Lehen Mailako entrenatzaile lagunei esaten nien: fitxa ezazue, ez zarete damutuko! Jokalari ona eta kirolari aparta da”. Madril aldean hazi egin zen. Zelai erditik gora, futbola xehetzeko gaitasun paregabea erakutsi zuen, espazioaren maisu bilakatuta. Romaredan sartutako gol batek ondo erakusten ditu bere dohainak: Rayoren kontraerasoa, Diego Costak darama baloia, Michu bigarren lerrotik iritsi da area barrura. Halako batean etena egin, bi urrats atzera, desmarkea, eta gola. Hamalau gehiago sartu zituen Lehen Mailako estreinako denboraldian.

Espainiako Ligako talderik ez zuen bere atea jo. Damutuko ziren, beste behin. Michael Laudrupek eraman zuen Swanseara, eta sei hilabeteren buruan Premier Leagueko klub handien jakin-mina piztu du. Lehen egunetik golegile, hauspo eta bihotz. Arima eta gorputzez. Van Persie, Luis Suarez, eta Demba Baren artean dago. 13 gol egin ditu.

Miguel Cuesta du izena, 26 urte ditu. Erroak sendo, Oviedon. Bere laguntza erabakigarria izan da bere bihotzeko futbol taldeak iraun dezan. Hara itzuliko da, baina urte oparoak ditu aurretik Ingalaterran. Urdina du odola Asturiasko printzeak.