Kea
EUSKAL SELEKZIOA 6
BOLIVIA 1
Garaipen erraza, suziriak eta istiluak harmailetan. Eta ofizialtasunaren aldeko lana?
Euskaldunok eta euskal herritarrok zaleak gara geure burua goratzen: munduko onenak zein? Galdetzea ere! Euskaldunak ba! Munduaren erdigunean sentitzen gara, eta hor gaude, ez aurrera, ez atzera zientoka urtean. Hori bai, onenak gu!
Beste gaitz handi bat ere badugu: gutxi izan, eta helburu bera dugunok elkarren aurka aritzea. Eta etsaiak, lasai ederrean bitartean!
Hartu futbola eta Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren gaia. Gaurko partida, urrutira joan gabe. Aise irabazi diegu Boliviakoei, oso erraz (6-1). Ze onak garen, ezta? A baina, lagunartekoa izan da. Berdin dio, hasi gara ametsetan: sekulako jokalariak dira euskaldunak, eta jokatuko bagenu txapelketa ofizialetan, garaipena hor nonbait. Amets hori gauzatzeko lana egin behar denean, ordea, elkarri mokoka gabiltza: errua bestearena. Ezin batera joan helburua gauzatzera. Ikusten duzue, euskaldunon bi gaitz handiak edonon eta edozertan azaltzen dira.
Kea da gaurko emaitza, jokoa eta partida osoa. Ke artean, ez dugu ikusiko nola ofizialtasunaren aldekoek ez duten bat egingo, halakoak garelako euskaldunok: egitea eta bat egitea baino nahiago dugu errua albokoari botatzea.
Kea bota dute suziriek. Kez bete dute Anoeta. Lehen zatikoa lotsagarria izan da. Halakoek istilua izan ohi dute alboan, eta gaur ere bai. Jaurtitzaileen harmailetan izan da, bai. Ertzaintza sartu du tartean, eta hustu du harmaila hori, kerik egon ez zedin bigarren zatian. Kearen azpian nor ibili da baina suziriekin? Zertarako? Zergatik?
Kearen azpian, futbola izan da, futbolean aritu da Euskal Selekzioa, bertako jokalariak, eta lana dotore bete dute. Adurizek (2), Toquerok (2), Ibai Gomezek eta Agirretxek sartu dituzte golak. Boliviarena Pontonsek sartu du.
Kea. Azpian ote dago ofizialtasunaren gaia? Denon artean piztu behar dugu suziria, elkar erretzen ibili beharrean.