Sendotasunak gizenduko du zakua
OSASUNA-GRANADA (gaur, 20:00)
Aukera ona dauka Osasunak hiru puntuak pilatzeko.
Bidea zein den ondo baino ikasi du Osasunak azkenaldian. Hor daude emaitza onak, eta partida horiek aztertzen hasita, adjektibo hau agertzen da denetan: sendotasuna. Gol gutxi, oso gutxi, jasotzean islatu izan den hori. Joan zen larunbatean, goia jo zuen sendotasunak Getafen, taldeko lan zoragarrian oinarrituz.
Gaur, etxean, beste testuinguru batean, eta ziurrenik, sorkuntzaren ekarpen handiagoaren beharrarekin, sendo izateak emango dio garaipena Mendilibarren taldeari. Granada lehortu egin behar da, erasoan ez dezala gauza handirik egin, deseroso senti dadila Sadar zaharrean. Azken asteetako joera azaltzeak eman behar lioke hori Osasunari.
Gero, lanaren beste zatia geratuko da: erasoko lana. Asmatu egin behar da baloia sarera sartzen, eta sartzen asmatzeko jokaldiak sortu behar dira, aurkariaren ate ingurura iritsi; goitik, behetik, edo goitik eta behetik. Granada ez da talde sendoa, erraztasun asko ematen dizkio aurkariari, eta horrek ugaritu egin beharko luke nafarren ekarpen jarioa erasoan.
Horrela ikusita, baikortasun mezua zabaldu behar da gaurko. Gaueko 10ak aldera, Sadar zaharreko argiztatzea iluntzen hasten denean, sailkapenean argitsu egon behar du Osasunak. Aurkari zuzen bati kolpe zehatza eman berri, eta zulotik ateratzeko pausoa luzatu berri.