Hitza eta ekintza
REALA-SEVILLA (gaur, 22:00)
Urteko azken jardunaldiko partida izango da, eta Realak sari potoloa eskuratuko du irabazle bada.
Baietz, entzun dizuegu mila bider sailkapenean gora egiteko aukera dela gaurkoa. Hala esan zenuten herenegun, atzo eta joan zen urtean, eta aurrekoetan.
Baietz, badakigu egundoko garrantzia ematen diozuela gaurkoari, urteko azkenekoa delako eta irabaziz amaitu nahi duzuelako urtea. Lehen ere mila bider entzun dizuegu gauza bera.
Baietz, zaleari omenaldia egin nahi diozuela ere ikusi dugu, entzun ere bai.
Hitzok ekintza bihurtuko al dituzue behingoz?
Atera zaitezte Anoetara gaur gauean zezenen pare, eta estutu ezazue Sevilla estutu behar duzuen bezala, izan sendoak eta gogorrak defentsako lanean, hasi lan horretan goi-goitik, atzelariek zama guztia utzi gabe… eta erasoan, izan oldarkorrak, erakutsi gosea duzuela, jokatu bizi, egin mugimenduak, aukeratu aukera onena.
Hori egiten baduzue, hitzak ekintza bilakatuko dituzue, eta hurrengoan hitz egiten duzuenean, zaleak ez du orain jartzen duen aurpegia jarriko, “orain ere asko hitz egin bai, baina gero egin…” adierazten duen hori.
Hain zaila al da hitzak ekintza bihurtzea? Ekintzak eginez, gertuago izango duzue garaipena, eta badakigu horixe nahi duzuela, sailkapenean gorago jartzeko, behingoagatik.
Lanera!