Azken uneko sastada
ESPAINIAKO KOPA
Eibarri azken minutuan berdindu dio Malagak (1-1), final 1/8etako joanekoan, Ipuruan.
Festak festa izaten segitu behar zuela ematen zuen, baina… azken unean, disgusto handi samarra zabaldu da Ipuruan. Orduantxe berdindu baitio Malagak Eibarri (1-1). Onyewu izan da sastadagilea. 93. minutuan.
Aurretik gertatuak ez zuen halako bukaera aurreikusten, Eibarrek “kontrolpean” izan duelako partida, Gaizka Garitanok prentsaren aurrean azaldu duenez. Gola ere sartu du, Añibarrok 73. minutuan. Bukaera ez zen urruti, eta ematen zuen… baina eman, Malagak eman dio kolpea. Bi golak geldikako jokaldietan gauzatu dira, eta bi golegileak, atzelariak.
Malagan erabakiko da kanporaketa urtarrilaren 8an, eta Eibarrek gola sartu beharko du aurrera segitu ahal izateko. Bat bakarra bada beharrezkoa, ez da hain txarra izango.
Sekulako giroa izan da Ipuruan, 4.000 zaletik gora bildu dira, eta ezin ba erabateko pozarekin itzuli etxera. Pozik bai, taldeak partida ona egin duelako, baina emaitzak itsusitu du lan ona. Azken unekoa izateak, gainera, handitu egin du garraztasuna.