Festa ez da amaitu
ESPAINIAKO KOPA
Eibarrek Malaga izango du aurkari gaur Ipuruan, final 1/8etako joanekoan.
Denboraldi ederra ari da osatzen Gaizka Garitanoren Eibar. 2.B mailako 2. multzoan bigarren doa. Bada nahikoa motibo pozik egoteko. Hori gutxi ez, eta Espainiako Kopan ibili loriatsua dabil osatzen. Kanporaketaz kanporaketa, talde handi baten aurka jokatzeko aukera lortu zuen, eta jokatu ez ezik, irabazi ere egin zion kanporaketa Athletici. Festa Eibarren.
Horren ondorioa da festak segitu egiten duela, eta gaur da bigarren jai handiko lehen eguna: Malaga dator Ipuruara. Final 1/8etako joanekoa da (20:00). Izarrez jositako taldea ikusteko aukera izango dute zaleek, onenetako batzuk edo asko Malagan utzi baditu ere Pellegrini entrenatzaileak. Joaquin eta Isco, esaterako, ez dira etorri. Bai, ordea, Kameni, Saviola, Monreal eta Duda, besteak beste.
Garitanok esan zuen atzo Athleticena baino zailagoa izango dela kanporaketa. Auskalo hala izango den edo ez, baina Eibarrek aukerak dauzka gaur emaitza ona ateratzeko. Akaso, aurkariak baino zailtasun handiagoa jarriko dio nekeak. Izan ere, igandean, herenegun bertan, ligako partida jokatu zuen. Astebeteko tartea bete gabe, hirugarren partida izango du, San Mamesekoa kontuan hartuta.
Baina nekea gainditzeko lagun ona da ilusioa. Hori nahi beste izango dute jokalariek, baita zaleek ere, eta festa giroan, zergatik ez luzatu parranda polit hau? Ez dadila izan Kopako azkeneko tragoa. Taberna batzuk irekita daude oraindik.