Bere buruari zor dio

Egilea:

Data: 2012/12/14

GRANADA-REALA (larunbata, 20:00)

Itota dabilen taldearen zelaian neurria eta maila eman behar ditu Realak. Asko dauka jokoan.

Sailkapenean, nola Granada ito larrian dagoen, eta Reala lasai antzean, ematen du partida garrantzitsua etxekoarentzat dela. Kanpokoarentzat ere bai, baina ez horrenbeste. Erabat oker dago pentsamolde horretan dabilena. Realak asko du jokoan bihar (20:00).

Hasteko, hiru puntu. Jokoan dauden guztietan bezala, dena eman behar da. Gero, sailkapenean gora egiteko aukera, Europako lekuetan sartzeko ere bai. Eta azkenik, talde fidagarria dela erakutsi behar dio bere buruari. Behingoagatik, bukatu egin behar dute gorabeherek, oraintxe irabazi, hurrengoan galdu.

Montanierrek esan du gaur zein izango den bere ustez arrakastaren oinarria: Granadaren motibazioaren parekoa ateratzea. Finala baita haientzat. Ez dago gaizki esana, mezua ulertzen da zein den, baina aurkariak motibaziorik ez balu izango, zer?  Talde batek, edozeinek, bere baitan aurkitu behar ditu motibatzeko tresnak. Eta Realak asko dauzka;  hor goian jarritakoak, beste askoren artean.

Bere buruari zor dio bihar irabaztea. Bere zaleei. Denei. Aurkariak egin dezala ahal duena.

Ona litzateke Realak uzten diona bakarrik egin ahal izatea Granadak. Gutxi, alegia. Edo batere ez. Horrek esan nahiko luke Montanierren taldea nagusi izaten ari dela jokoan. Nola? Azkenaldian, halako argitasuna eman dion jokalari multzoarekin eta ereduarekin. Horien aldeko aukera egiten badu entrenatzaileak, nortasuna azaldu behar dute jokalariek, nagusi direla sentitu… eta egin.

Vela itzuliko da 11kora ziurrenik, txartelen zigorra gaindituta. Besteak zein izango diren batek bakarrik daki. Bravo ziurra da, eta beste 9ak? Koherentzia erabil dezala entrenatzaileak, eta ez dezala aukera egin sailkapenean atzeko zuloan dagoen talde baten arabera. Nortasuna arduradunak erakusten ez badu, jokalariek nekez azalduko baitute.