Nik suziriak jarri, eta zuk piztu
EUROPAKO LIGA
Athleticek galdu egin du Olympique Lyonen aurka (2-3), eta oso aukera gutxi dauka lehiaketan segitzeko.
- Ekintzak eta ondorioak, gaurko Athletic-Lyon partidari buruz jarduterakoan.
- Ondorioak, hasteko:
- Athletic ia-ia aukerarik gabe geratu da Europako Ligan. Berriz ere galdu, hirugarrena erreskadan, eta horrela zaila da aurrera egitea. Aukera bakarra du: Hapoelen zelaian irabazi, Lyonek Sparta menderatu, eta berak Sparta bi gol baino gehiagotik garaitu.
- Emaitza txarra izan da, hor ez da dudarik. Txarrean ona aurkitzen hasita, taldearen joko bizia azaltzea izan da. Aspaldiko partez. Ondorio positiboa hori da.
- Ekintzak orain:
- Suziriak Athleticek jarri ditu, baina piztu dituena Lyon izan da. Jokoa, aukerak eta ekimena Bielsaren taldearenak. Golak Remi Garderen jokalarienak. Halakoetan esan ohi den bezala, ondo edo gaizki esana dagoen azterten hasi gabe: “Ezer egin gabe irabazi du Lyonek”.
- Zerbait egin du: golak sartu. Athleticek baino bat gehiago. Athleticek bi sartu ditu, baina asmatzen hasita, gehiago sar zitzakeen. Errudunak, nolabait esateko, Vercoutre atezain ona eta punteria txarra. Orain alferrik da esatea “sartu izan balira…” betiko esaldia.
- Beste zerbaitetan ere egin du huts: bere arearen inguruan eta barruan epela izan da, biguna, sendotasunik gabea. Bi adibide: lehen gola frantziarrena (Gomis), hirugarrena (Lacazzetek sartu du) eta izen berezi bat: Gomis bera. Erotu egin ditu atzelariak berak bakarrik (nahiz eta jokatzeko ereduak lan zailetan jarri ohi dituen). Ona da, ez da dudarik, baina hainbesterainokoa ez da izango.
- Athletic honi hainbeste gustatzen zaion erritmo biziak segida izan du gaur. Ez da izan aurreko askotan bezala: noizean behin bizitu eta gero makaldu. Ez, gaur bizitasunak iraun egin izan du zenbait unetan. Baloiaren erabilera zuzenak, jokalarien mugimendu egokiek eta presioak eragin dute hori.
- Atentzioa eman duen bestea: frantziarren lehiakortasuna. Sailkatuta atera dira zelaira, baina ez diote ezer oparitu Athletici. “Ez daukate eta ezer jokoan” esango zuen batek baino gehiagok, “dirua ordaindu die multzoko besteren batek”, botako zuen beste hainbatek, baina garbi esanda, frantziarrek jokatu duten bezala jokatu behar da beti, jokoan sailkapena aparte egonda ere. Beste gauza bat da beste era bateko jarrerak ikustea ohiko bilakatu izana.
- Atentzioa eman duen beste zerbait: Lyoneko zelai-erdikoek, hegalean ia buruz buruko zaintza egin diete Athleticeko hegaletako atzelariei.
- Athleticeko jokalariak beste batzuetan baino askeago, biziago ibili dira gaur, konfiantza gehiagorekin bezala gauzak egiteko.
- Azkena ekintzen artean: beharrezkoa zuen irabaztea, eta huts egin du. Eta beharrezkoena den horretan ere huts egin du: golak sartzen, eta aurkariari sartzen ez uzten. Ekuazio txarra. Ondorioa: Europari adio esan beharra (ia-ia seguru).