Itzalean ere argi
EUROPAKO LIGA (erreportajea)
Olympique Lyonen atezaina, Remy Vercoutre, ordezkoa izan da urte luzez, eta orain ari da nabarmentzen.
‘Rem’. Musika taldea ez. Ametsen eta loaren inguruko kontuak ere ez. Rem Remytik hartua da. Izena da Remy. Vercoutre abizena. Atea zaintzea du ogibidea. Lyonen, Olympique taldean.
Remy Vercoutre ‘Rem’ (Grande-Synthe, 1980). Athleticen aurka jokatzen ari delako iritsi da gugana bere berri. Bestela, itzalean segituko zuen. Itzala. Horixe izan du alboan bere ibilbidean. Langak eta zutoinek ez dute itzal handia egiten soro pilean, baina Vercoutre aulkian eta harmailetan egon da gehiago. Eta hori da itzalik ilunena futbolari batentzat. Ondo daki berak.
Bere ibilbideari erreparatu baino ez dago. Montpellierren ekin zion 1998an, eta ez zen hasierako 11koetan azaltzen. Lau urte geroago fitxatu zuen Lyonek, baina hangoa bai izan zela itzala. Gregory Coupet zuen aurretik, eta ezin ba asko jokatu. 2004-2005ean, Strasburgora joan zen, klubak utzita. Han ere kale, lesio bat tarteko. Oineko hezur bat hautsi eta denbora luzez egon zen aritu ezinda. Denboraldi hura amaitzean, Lyoneko entrenatzaile Gerard Houillerrek taldera itzultzeko eskatu, eta han bueltatu zen Lyonera. Baina ezin asko jokatu.
2007ko abuztuan hasi zen argia itzalari lekua hartzen. Coupetek min hartu zuen, eta bost hilabetez 26 partida jokatzeko moduan izan zen. Hurrengo sasoian, 2008-2009an, gazte ezezagun batek kendu zion lekua: Hugo Llorisek. Aulkira berriz. Hantxe egon behar berriz. 2011n, ezbehar bat parean berriro ere: etxean izandako istripu batean, tendoi bat hautsi zuen eskuin hankean. Ez zuen gehiago jokatu aurreko denboraldi horretan.
2012 honetan hasi da argia ikusten. Eta oraingoan ez da izan taldekideak min hartu duelako. Lloris Tottenhamera joan zen, eta bera da orain atezain titularra.
Klubean aspalditik antzeman zioten atezain ona dela, gutxi jokatzen zuen arren. 2009an hiru urterako luzatu zioten kontratua, eta hori amaitu aurretik, 2010ean, 2014ra artekoa sinatu dute bi aldeek.
Athleticeko jokalariek ere ikusi zuten nolako atezaina den aurreko partidan, Lyonen. Beragatik izan ez balitz, Olympiquek ez zuen irabaziko. Itzalean argia sartu da, eta laster joango da itzala, horrela segitzen badu. Gainera, eredugarria da bere lana, gutxi jokatzen egon arren, lanean serio segitu duelako beti, hobetzen. Orain bistaratu da itzaletik lan horren argia.
(125 partida jokatu ditu 1998tik).
Bideo honetan, entrenatzen ikus dezakegu Vercoutre. Lloris da beste atezaina, eta beraien entrenatzailea, Joel Bats mitikoa: