Gehien entzuten ari den aditz hori, gaur ere
EUROPAKO LIGA Athleticek irabazi egin behar dio Olympique Lyoni gaur San Mamesen (21:05), sailkatzeko aukerarik gabe ez geratzeko.
Aditz baten jiran dabiltza Athleticen partida ia denen aurreko kontuak. Kontuak egiten hasten gara denok, eta irabazi aditza geratzen zaigu ondorio bezala.
Gaur ere bai. Irabazi edo kanpora. Ez da eslogan politiko bat. Athletici gerta dakiokeena da Olympique Lyon menderatzen ez badu Europako Ligako laugarren jardunaldian (San Mames, 21:05). Aurreko hiru partidetan uzta txikia lortuta duelako dabil larri: ale bakarra du.
Frantziako taldea sailkatuta dago, hiru neurketak irabazi dituelako, eta ez ditu Remi Garde entrenatzaileak bere ustez jokalari onenak direnak aterako 11koan. Baina talde arriskutsua da, Frantziako onenetakoa. Taldea. Bat jarri edo bestea jarri, asko antzematen ez duen talde potolo horietakoa.
Gauzak ondo egin beharko ditu Bielsaren taldeak. Jakina da erdizka arituta oso gutxitan irabazten duela. Lyoni erakutsi behar dio, hasteko, berak duela irabazteko premia. Horra oinarria. Gero etorriko da ondo jokatzea, erritmo biziarekin, baloiarekin ahalik eta zehatzen aritzearekin, aukerak gauzatzearekin, eta batez ere (aurreko partidetako hutsune handienetakoa delako) baloia galdutakoan defentsako lan sendoa egitearekin.
Hiru puntuek San Mamesen geratu behar dute. Irabazi edo irabazi. Ez dago beste aditzik Athleticen inguruan.