“Sufrimendua”, irabazteko

Egilea:

Data: 2012/11/05

GRANADA 1
ATHLETIC  2
Lehen aldiz irabazi du etxetik kanpo sasoi honetan, behar handia zuenean.

  • Urak bare Athleticen. Aspaldiko partez. Ez baita lasaigarri hoberik hiru puntuak lortzea baino. Granadan izan zen atzo, eta lehen garaipena du etxetik kanpo denboraldi honetan.
  • Bielsaren hitzak ondorenean: “Partidako gure ibilia definitzen duen hitza sufrimendua da”. Sufrimendua. Bigarren zatiaz ariko zen argentinarra. Aurretik, aurrenekoan, ondo menderatu zuen neurketa bere taldeak, eta bil goleko aldea eraman aldagelara. Adurizek biak. Horra golegilea.
  • Bigarrenean, Granadak aldapa behera jokatu zuen, emaitza irauli nahian. Kale edo bale. Arriskuaren baitan: arriskutsu alde batean, arriskuak hartuz bestean. Bielsaren ereduarentzat pagotxa… arriskuak hartzea aurkariak. Oraintxe batera, gero bestera. Alderik alde. Ireki egin zen partida, eta emaitza: 1-2.
  • Hortik aurrerakoa “sufrimendua”, Bielsari arrazoi emanez. Irekia katez ixteko aukerak izan zituen taldeak, baina ezin asmatu. Portzierto, Muniain berekoi samar ibili zen hainbat jokalditan… bakarrik zen lagunari baloiaa pasatzea errazagoa ez al da ba? Eta onuragarria ere bai taldearentzat. Baina…
  • Aurrean huts, atzean lanak. Ia Granada osoa han baitzen, Iraizozen areatik gertu. Bide batez esanda: taldeak ez al du oso atzean defendatzen? Berdin dio, beste baterako kontua da. Granadak ere huts goian, eta aukera Athleticentzat. Baina ezin asmatu. Beti zerbaitetan egin behar kale.
  • Azkenean, behintzat, irabazi, eta ostegunera arteko lasaitasuna. Eta konfiantza litroak eztarritik behera, jokalarien pozak aditzera eman zuenez partidaren amaieran.