Zuloan
OSASUNA 0
VALLADOLID 1
Galdu egin du Osasunak berriz, eta azkena segitzen du, gero eta nabarmenago.
- Pobrearen kantuak: “Gehiago merezi izan dugu; ez gara gutxiago izan aurkariaren aldean; gutxi falta zaigu irabazteko, baina bata dela, bestea dela, galdu egiten dugu beti; dena ateratzen zaigu gaizki; zorte txarra daukagu”. Eta horrelako beste hainbat kontu… Kantuok gaur ere entzun dira Sadar zaharrean.
- Kanta horiek zuloan entzuten dira. Goitik behera begiratu eta ezer ikusten ez den horietan. Oihartzunarekin entzuten dira, gainera. Sadarreko kantuak gero eta beheragotik ateratzen dira. Osasuna zuloan geratzen hasi da.
- Kideak izan ditu orain arte alboan, iluntasuna banatzen, baina ia bakarrik utzi dute atzo eta gaur. Ihesi joan dira lehengo kideak. Osasunak ezin du ihes egin. Ez dauka…
- Valladolidek lapurtu dio zuloko argi pixka bat. Zeukan apurra. Adarra joz bezala lapurtu ere. Jarri zaio alboan, lagundu nahian bezala, eman dio argia, baina azkeneko unean, argia eskuetatik kendu eta zuloan gora ihesi dio. Ebert izeneko alemaniar bat izan da lapurra.
- Gutxi dauka Osasunak zulotik ateratzeko. Gaur-gaurkoz, taldeak txikia ematen du, justua Lehen mailan aritzeko. Eta konfiantza galdu ahala, gero eta txikiagoaren traza ematen ari da.
- Jokoak ez du misteriorik erasoan: hegalak baliatu, erdiraketen bidez baloia arean jartzeko. Ahalik eta azkarren bada, hobe. Erdiraketak egin egin dituzte, baina arearen barruan kide gutxi baloia sarera botatzeko. Horrela jokatzeko, jokalari gehiagok zapaldu behar dute area.
- Zuloan, taldeak ahulak izaten dira. Edo zuloan egoteko arrazoietako bat da ahulak izatea defentsako lanean. Osasuna ez dabil sendo. Gaurkoa, oso argia: aldeko kornerra baliatu ez, eta kontraerasoan gola jaso (ez da aitzakitzat hartu behar 10 jokalarirekin egotea, Ruben kalera bota baitu epaileak). Zuloan gero eta barrurago. Ilunpetan eta argia hurrun. Martxa honetan, oihuak oihartzuna izanagatik ere, ezingo ditu inork entzun. Horixe bai larria!