Zalantzak eta haserreak

Egilea:

Data: 2012/11/03

REALA-ESPANYOL (bihar, 12:00)
Hiru puntuen premia gorrian da Reala.


Realak irabazi egin behar dio Espanyoli. Bestela…

Bestela, zaleen haserrea gehiago haziko da. Jokalariekin, entrenatzaileekin eta zuzendaritzakoekin dira haserre.

Jokalariekin: joan zen ostegunean Kordoban gertatua ez zaie batere gustatu zaleei. Ezta Valladoliden hiru egun lehenago erakutsitako jokoa ere.

Entrenatzailearekin: joan zen sasoitik datorren kontua da, eta hor egon da erdi ezkutuan orain arte, baina azkenaldiko joko eskasak eta emaitza txarrek azalarazi egin dute berriz. Ez zaie gustatzen Montanier, eta zaleen aldetik gurutzea jarrita dauka.

Zuzendaritzarekin: entrenatzailearen inguruan erabaki sendorik ez hartzea leporatzen diote.

Bihar eguerdian, Anoetan berotuko den lapikoan osagai horiek guztiak egongo dira. Eta Espanyolek lapikoan sartu nahi du, zalantzak eta haserreak areagotu dituen talde bezala.

Orain arteko zenbakiei erreparatzen bazaie, antzekoak dituzte bi taldeek. Realaren lau puntuko aldea ematen du bi garaipen gehiago lortu izanak; beste gainontzean, paretsu dabiltza.

Griezmannek ez du jokatuko, minez delako (zuntz haustura dauka). Ezta Zurutuzak eta Bravok ere. Hiru jokalari funtsezko dira taldean. Besteren batzuek hartu beharko dute ardura, orain arte ez bezala. Zaleak ez daude barkatzeko. Eta giro nahasia dabil taldearen inguruan. Kontuz bihar…