Puntu gazia

Egilea:

Data: 2012/10/29

VALLADOLID 2 REALA  2 Lehen puntua atera du Realak etxetik kanpo, bitan aurretik izan ondoren eta eskas aritu eta gero.

  • Aspaldiko partez, ganbararen zokoren batean gordeta nuen galdera etorri zait burura: zertara ari da jokatzen Reala? Denak balio du, berdin dio mugimendu bat edo bestea egin; orekarik gabe, bakoitza bere borrokan, eta itxura eskasa emanez.
  • Bitxia da futbolarena. Etxetik kanpoko aurreko partidetan, askoz hobeto jokatu eta gero galtzaile izan zen; gaur, eskasenetakoa egin, eta puntua atera. Hala ere, gaurko bideak etekin gutxi emango dio taldeari hemendik aurrera.
  • Puntuaren gazitasuna hortik dator, batetik, jokoaren mailagatik; bestetik, emaitzaren bilakaeragatik. Izan ere, bitan izan da aurretik Reala, eta bietan berdindu egin dio Valladolidek.
  • Erasoko eta defentsako anabasa zehaztuz: Vela, Chory eta Griezmann ez dira lan handikoak baloia galdu eta geroko jardunean, kamutsak dira erasotik defentsarako bidean. Arazoa sortzen dio horrek taldeari, arazoak atzekoei, eta zulo gehiegi estali beharraren zama. Taldea hautsi egiten da. Betiko 4-3-3 marrazkiak 4-2-3-1 itxura hartu du zenbaitetan, baina marrazkiak gorabehera, goikoen oreka eza (erasoan hasi eta defentsan bukatzeko) kaltegarria da taldearentzat.
  • Orain, norbaitek esango dit: Griezmannek bi gol sartu ditu eta egin du berea, ez eskatu gehiago. Berea dena da, erasoa eta defentsa. Ezin da aurretik jarri bi aldiz, eta defentsako lanean erraztasunak eman. Sendoa izan behar du taldeak halakoetan, eta ez da. Jokalari batzuen ezaugarriak, marrazkia ez aldatzearen ohiturak eta beste hainbat kontuk galarazten diote Realari sendo izaten etxetik kanpo.
  • Bi taldeen gabezia handiena gaur: galtzeari beldurra. Biek izan dute bestea goian presionatzeko aukera, eta egundoko etekina aterako zioten aukera hori, baina ez, nahiago izan dute atzea gorde, aurkariari baloia eman behar izan badiote ere.
  • Bukaera txiripazkoa gertu. Iñigo Martinezek eta Jose Angelek ia garaipena eman diote zelai erditik eta hortik atzeragoko jaurtiketa banarekin. Betisen zelaikoa etorri da denen gogora (joan zen sasoikoa). Sartu izan balira, puntuen altxorra gizenduta, baina analisi neutroa murriztuta? Alde horretatik, berdinketa hobe. Azterketa sakona behar da egin, denak balio du horrek eta edozein moduz gauzak egiteak bide laburra duelako. Montanierren puntuak galera izan du gaur ere. Ekonomiaren arrisku sariarekin parekatuz, goraka doa negatiboan. Zerbait gehiago behar du taldeak arduradunaren partetik, eta hainbat jokalarik (erasokorrenek) ere gehiago eman behar diote taldeari jokoaren arlo guztietan (ez bakarrik beraien gustukoa den horretan). Okerrena da itxaropenik ez dagoela gauzak aldatzeko.