Hari finaren gainean

Egilea:

Data: 2012/10/29

VALLADOLID-REALA (gaur, 21:30ean)
Behartuta dago Reala emaitza ona ateratzera, zuloan sartzen hasi nahi ez badu.

 

Istorio hau lehen ere ezaguna da Realaren jiran. Duela urtebete edo izan zen, gutxi gorabehera. Ondo ekin zion denboraldiari taldeak, baina bolada txarrean sartu eta zuloan sartu zen. Montanier maleta hartzeko zorian ere jarri zuten.

Orain, bi partida segidan galduta dago taldea. Gaur du bolada txarra ontzeko aukera, Valladoliden (21:30). Baina txarrean segitzen badu, erne. Zuloan sartzen hasiko litzateke taldea, duela urtebete bezala, eta Montanierren zaleak ez dira ugaritu tarte honetan; berriz ere, albiste bilakatu da, gainera, bere geroa. Xabier Garmendia kazetariak twitter bidez kontatu duenez, Loren eta Aperribai Ernesto Valverderekin bildu dira berriki, eta datozen bizpahiru denboraldietarako lana eskaini diote. Eta aurten gauzak okertzen badira taldea hartuko lukeen ere galdetu omen diote.

Gauzak okertzea gaur galtzea litzateke, eta ostegunean, Espainiako Kopan, Kordoban ere kale egitea, eta igandean, Espanyoli ez irabaztea Anoetan. Gauza gehiegi betetzea litzateke batera, baina gerta daitezke. Kontrakoa gerta daitekeen bezala.

Irabaztea litzateke hori gaur. Konfiantzaren aldarria dabil bazterretan, ziurrenik Valladolid aurkari txikitzat hartu ondorenean; badakizue, igo berria, talde apala… Bada, aurkari gaiztoa da. Lehen mailan, erasoko mugimenduak landuen dituen taldeetako bat da, oso ondo mugitzen da erasoan, eta arriskua erraz sortzen du. Realak hori lotu beharko du, eta gero, jakina, golak sartzeko aukerak gauzatu.

Oso garrantzitsua da gaur gauekoa. Hari finaren gainean dago eta Reala.