Pizti eskuzabalik ba al da?
ATLETICO MADRIL-OSASUNA (gaur, 19:45)
Zelai eta aurkari gaiztoenetako bati egin beharko dio aurre Osasunak, premia gorrian.
Artaldea larrean. Janari gutxi. Lehortea aspaldian indartsu, eta belarra idorra bezain jangaitza. Ahul ardiak. Triste. Plako. Artzaina burua tente, baina pose hutsa baino ez da. Inguruan bisaje berdintsua. Eguna gauetik bereizten ere lanak. Ilun dago dena.
Txarrari txarra gehitzeko, otsoaren erasoa gauean. Tigre basapizti bat lagun eta konplize duela. Hau bakarrik falta zuen artaldeak. Lehia ez da parekatua izango. Artzainak badaki. Erreguka hasi zaie otsoari eta tigreari, uzteko lasai, nahikoa jan-edan eginda daudela, beretik jaten hasteko. Faborez eta mesedez.
Piztiak pentsakor geratu dira. Nola bukatuko ote da ipuin txiki hau? Erantzuna 19:45etik aurrera.
Artaldea=Osasuna
Artzaina=Mendilibar
Otsoa=Atletico Madril
Tigrea: Falcao