Larrosa eskuetan
ATHLETIC-GETAFE (gaur, 17:50)
Hiru puntuen premia asetzeko, ondo daki zein den bidea Athleticek.
Aspaldi samar, edadeko entrenatzaile batek hala definitu zuen bere taldeak jokatu behar zuen partida. Derrigor irabazi behar, nonbait, eta ‘por lo civil o por lo criminal’ bota zuen. Bai edo bai. Irabazi edo irabazi. Finala. Kale edo bale. Onean edo txarrean. Zuzen edo oker.
Athleticeko askok (edo batzuk, edo bik bakarrik akaso), antzeko pentsamoldea izango dute gaur arratserako. Irabazi egin behar zaio Getaferi, bai edo bai (gaur, 17:50). Irabazteko beharra handia dela, ados. Baina edozein modu egokia izan daitekeen horrekin, ezin ados egon.
Ez zibil eta ez kriminal. Larrosa eskuetan gauzatu behar du puntuen iraultza taldeak. Hau da, ondo jokatuz, emaitza onak eta joko ikusgarria ekarri izan zion (iragan ez hain urrunean) moldean. Izan ere, Athleticek ez daki gaizki jokatuz irabazten. Hain da gardena Bielsaren estiloa, ezin disimuluan ibili, eta gaizki jokatzen duenean ez du irabazten. Irabazten du ondo jokatzen duenean bakarrik.
Molde horretan sartu zen Lyonen aspaldiko partez, eta ez Valentzian, gauza onak ikusi nahiak itsutu egin baitzuen jendea Valentziako egun hartan (ez zuen hain ondo jokatu). Lyonen azaldu zen joan zen denboraldiko Athletic haren traza. Gaur, trazak sendotu egin behar dira, luzatu, ahalik eta minutu gehienetan biribildu.
Larrosa gorria esku batean, zuria bestean, jokatzeko eredu polit hari kantatzeko ordua heldu da. Azaldu egingo den itxaropenean… Hor baita, azaltzeko irrikaz.