Ezezkoan, ezetz

Egilea:

Data: 2012/10/25

OLYMPIQUE  LYON  2
ATHLETIC    1

Europako Ligako ibilia asko zaildu zaio Athletici, galdu egin baitu berriz, txukun aritu arren.

  • Egiten zuena egiten zuela, joan zen sasoian dena aldeko ateratzen zitzaion Athletici. Atera bainoago, alde izateko egin beharreko dena egiten zuen. Denboraldi honetan ez zaio ezer ateratzen. Ateratzeko ere ez du gauza asko egin, dena esanda. Baina gaur bai, gaur egin du ondo ateratzeko zerbait, baina galdu egin du. Ezezkoa denean, dena izaten da ezetz.
  • Lyonen izan da gaurkoa. Europako Ligako hirugarren jardunaldian. Aurreko bi partidetan puntu ale bakarra aterata azaldu da Gerlanden, eta alde ere uzta berarekin egin du alde. Matematiketan kale. Huts. Bigarren itzulian, bikain atera beharrean da zenbaki kontuetan. San Mamesen ditu bi partida, bestea Israelen. Horrela begiratuta…
  • Galtzea beti da txarra eta mingarria. Hor ez da bueltarik. Baina galtzetik galtzera, moduetan, aldea egoten da. Gaurkoa oso mingarria izan da, baina itxaropenaren argiak azaldu dira, jokoak izan duelako antzekotasunik dena ondo ateratzen zen denboraldi harekin, hor bertan dagoen garai loriatsu horrekin.
  • Joan zen denboraldian, izan ziren gaurkoaren bezalako kontuak: ondo jokatu, aukerak sartu ez, eta azkenean, berdindu edo galdu. Golak sartzea behar du hain ausart jokatzen duen taldeak, eta jokaldi erabakigarriena alor horretakoa da: 1-1 zirela (1-0, eta 1-1 gero), neurketa amaitzeko minutu oso gutxi zeudenean, Susaetari egundoko geratua egin dio Vercoutre atezainak. 1-2koa behar zuen, baina ez da izan, eta handik gutxira, Briandek ebaki dio lepoa Athletici. Astirik ez zegoen gorputzari berriz itsasteko.
  • Bi taldeen jokoa aztertuz, ondorio hau: Athleticek beti berdin jokatzen du, aurkaria edozein izanda ere eta sailkapenean egoera edozelakoa izanda ere. Lyonek gaur adarrak jarri dizkio bere betiko ereduari. Frantziako ligan bera izan ohi da jokoaren ekimena eramaten trebea; gaur ez, gaur kontraerasoaren aukerari heldu dio. Ondo atera zaio, emaitzak dena balio duen garaiotan. Baina itxurari erreparatuz , itxuraren balioa zenbatekoa den alde batera utzita, Athletic izan da garaile.
  • Beraien bigarren goleko jokaldia, askotan ikusia eta pairatua aspaldian Iraizozen arean: atezainak behin baino gehiagotan uzten du baloia bere inguruan, urruneko jaurtiketetan. Aurkariak joaten dira baloi horren bila, atzelariak gutxitan. Atezainaren gabezia bat dela ikusita, lehenbailehen zuzendu beharreko kontua da erretxazeena.
  • Zuzendu beharreko bestea: defentsako lanean (Bielsak atzo esan zuenari segituz, “baloia errekuperatzeko lanean”), taldea luzeegi egoten da, handiegiak izaten dira lerroen artean tarteak; batez ere, erdilarien eta atzelarien artekoa. Atzelariak aurreratuko balira metro batzuk, kalterik ez.
  • Itxaropenaren argiak ez itzaltzeko, ezinbestekoa izango da hainbat jokalarik maila berreskuratzea. Bat, bi eta hiru baino gehiago daude itzalita, eta denen beharra du taldeak. Ez dago denbora galtzerik.

Jardunaldiko emaitza guztiak

Sailkapenak