Beste ikasle bat aurkari

Egilea:

Data: 2012/10/20

VALENTZIA-ATHLETIC (gaur, 20:00) Gaurko partidaren harira, gogora ekartzekoa da Bielsak bere aginduetara izan zuela Valentziako entrenatzaile Mauricio Pellegrino.

Ondoren datorrenaren mamia liburu honetatik hartua dago: La vida por el fútbol. Marcelo Bielsa, el último romántico (Roman Iucht)

Marcelo Bielsak zientoka jokalari entrenatu ditu bere ibilbidean, eta horietako batzuk entrenatzaile dira orain: Gerardo Tata Martino (Newell´s), Mauricio Pochettino (Espanyol), Mauricio Pellegrino (Valentzia)…

Valentzian da Bielsa, eta ez da joan Pellegrinori bisita egitera. Elkarren arerio izango dira gaur (20:00), Valentziaren aulkian bat, Athleticen aulkian bestea. Ikaslea eta maisua parez pare. Biak ere estu antzean, bi taldeek zortzina puntu dituztelako, eta ez aurrera, ez atzera dabiltzalako denboraldi honetan.

Pellegrino kapitaina, 1997ko Velez hartan.

Duela hamabost urte ezagutu zuten elkar, 1997an, Bielsa Velez Sarsfieldek fitxatu eta gero. Talde hartako jokalari zen Pellegrino. 26 urte zeuzkan orduan.

Berehala hartu zuen balekotzat Bielsak, jokalariak ikasteko gogoa zuelako. Entrenatzailearekin solasean aritzeko tarteak ohitura bilakatu ziren. Irakasle eta ikasle, eta ikaslea, kapitain. Talde garailea zen Bielsa heldu zenerako, eta Bianchiren aginduetara arrakasta handiak lortua. Eredu jakin batekin irabazi zuten. Bielsak berea zeukan, eta berea ezartzen hasi zen. Pellegrinok esaten omen zion tentuz ibiltzeko, beste eredu batekin ohituta zegoela taldea eta irabazi egiten zutenez, ez zitzaiola erraza egingo bere eredua ezartzea.

Behin, hau galdetu zion jokalariak entrenatzaileari:

-Ziur al zaude eskatzen diguzuna egiteko gai garela?

Bielsaren erantzuna:

-Bai. Ziur naiz egingo duzuela.

Pellegrinok, orduan:

-Oso ondo. Guretzat nahikoa da zuk hori pentsatzea.

Handik gutxira, beste egun batean, Lanusen aurkako partida jokatu berritan (4-3 galdu zuen Velezek), Pellegrinok hau esan zien kazetariei: “Gure sistema honetan, ezin da hutsik egin”. Bielsari ez zitzaion gustatu jokalariak esandakoa, eta jokalariari deitu zion, bulegora joateko hurrengo egunean. Egunkari guztiak bildu zituen, jokalariak esanaren berri eman zutelako, eta galdera hau egin zion jokalariari:

-Zergatik esan duzu hori?

Pellegrinok ez zuen fundamentuzko erantzunik eman, ezin zuen arrazoirik jarri.

Bielsak bukatu zuen elkarrizketa:

-Zuk zure iritzia eman behar duzu, ezin duzu hitz egin talde guztiaren izenean, hala eginez taldekideen iritzia zeure egiten ari bait zara. Ez egin adierazpenak beroan, gero justifikatu eta arrazoitu ezin direnak.

Pellegrinok azkar ulertu zuen hitz haien esanahia: Bielsak ez zuen nahi bere eredua erabat babesten ez zuten jokalariak indarra hartzea (Pellegrinok babesten zuen, erabat).

Orain, handik urte askora, Pellegrinok ondo gogoan dauka gertakari hura, eta Bielsaren hitz haiek ikasgai ederra izan zirela kontatzen du.