Realaren estrategia Athletici galarazteko jokoaren sorrera

Egilea:

Data: 2012/10/02

Larunbateko derbian, bi baliabide erabili zituen Realak estrategia horren baitan, biak ezberdinak.

Reala-Athletic derbiak izan zuen zer aztertu taktikaren alorrean. Hemen, Montanierren taldeak erabalitako estrategia zehatz bat aztertuko dut: Athletici nola galarazi zion jokoa sortzea.

Jakina da Bielsaren taldeak zer egiten duen Iraizozek baloia duenean (edo Raulek, jokatzen duenean): ez du luze ateratzen, eta atzelariekin edo euskarriarekin ematen dio hasiera jokoari. Motzean ateratzen dute atezainek.

Horri aurre egiteko, Realak estrategia zehatza prestatu zuen, bi aldaera erabiliz, erabat ezberdinak:

  1. Iraizozi ez zion utzi motzean jokatzen ateko sakeetan, lerroak aurreratuz. Luze jotzera behartu zuen.
  2. Iraizozi utzi egin zion motzean ateratzen, baina erabat oztopatu zion jokoa sortzea (hau bigarren zatian gertatu zen, nabarmen).

Marrazki honetan ikusten da 1. aldaera:

  • Ohiko 1-4-3-3 marrazkia 1-4-2-4 bihurtu zuen Realak Iraizozek ateko sakea egin behar zuenean. Agirretxeren lerro berean kokatu ziren Zurutuza, Griezmann eta Xabi Prieto, lauko lerroa osatuz; atzerago zeuden Markel eta Illarramendi, eta atzean atzelarien lauko lerroa.

Beste marrazki honetan ikusten da 2. aldaera:

  • Iraizozi utzi egin zion motzean ateratzen Realak, baina Gurpegiren aukera zeukan bakarrik, Agirretxek debekatu egiten ziolako Amorebietarekin jokatzea. Iturraspe euskarria jaisten zen laguntza ematera, baina Zurutuza gertu edota gainean zeukan, eta aukera horrek ere ez zion balio Iraizozi. Hegaletako bi atzelariak (Iraola eta Castillo) ere ezin ziren baliatu, Griezmann eta Xabi Prieto, hurrenez hurren, gainean zituztelako.Gurpegik hartzen zuen baloia, baina inguruko laguntza denak erabali ezinda zegoen. Muniain eta De Marcos ziren aukera bakarrak, baina barrutik barrura jokatzea ez da eraginkorra izaten gehienetan, eta gainera, Markelek eta Illarramendik estu hartu zituzten Athleticeko bi erdilariak, bizkarrez jokatzera behartuz.

Futboleko entrenatzailea eta kazetaria