Gris urdindua
REALA 2 ATHLETIC 0 Nagusitasunez irabazi du derbia Realak Anoetan, bigarren zatian jaun eta jabe izan eta gero.
- Realak eta Athleticek dute zuria koloreetan, batek urdina gehituta eta besteak gorria. Urdinetik joan da gaur gaueko derbia, baina beste kolore batek eman dio indarra txuri-urdinen garaipenari: grisak.
- Honegatik: gaur egungo futbolean, oso garrantzitsuak dira trantsizioak, bideak. Bi bereizten dira arlo taktikoan: defentsatik erasora igarotzeko unea, eta erasotik defentsara pasatzekoa. Bi muturrak badira erasoa eta defentsa, erdiko gunea dira trantsizioak. Kolorez definitzen hasita, grisak lirateke. Horretan gailendu zaio Reala Athletici bigarren zatian, eta hor erabaki da lehia.
- Bi zati, eta biak ezberdinak. Koloreekin segituz, urdina eta gorria azaldu dira lehen zatian. Bigarrenean, urdina… gris urdindu hori.
- Ezberdinak izan badira ere, bi erdiek izan dute antzeko ezaugarri bat. Hauxe: Reala eta Athletic aurkariaren hutsa baliatzeko asmoz atera dira. Huts egitera behartu kontrarioa, eta gero aukera hori gauzatzeko nahia ikusi da. Lehen erdian, bi areetan izan da mugimendua, batak zein besteak baloia leku txarrean galdu eta gero sortutako jokaldietan; leku txarretan edo hobeto esateko, jokoari segida ematen zaion lekuan: zelai-erdian. Mugimendu horietan, atera jo duen bakarra Reala izan da, area ertzetik egindako bizpahiru jaurtiketen bidez; ondo aritu da Iraizoz, gaur bere taldeko jokalari onena. Beste aldean, oso neurketa lasaia izan du Eñautek.
- Bigarren zatian, Reala bakarrik azaldu da zelaian. Utzi egin dio Athletici baloia atzean edukitzen, eta gainerako lekuaten estutu egin dio. Athleticen gabezia handiena hori izan da gaur: erdiko bi atzelarien (Gurpegi eta Amorebieta) eta euskarri bakarraren (Iturraspe lehenik, San Jose gero) arteko lotura hutsaren hurrengoa izan da. Baloiaren irteera erditik erdira egin behar izan du, Realak hartara behartuta, eta hor biziago ibili dira Markel eta Illarra Muniain eta De Marcosen aldean.
- Hona grisaren azalpena: baloia ondo lapurtu dio Realak Athletici, eta gero, lanaren beste erdia ere, erasora igarotzekoa ondo egin du, Griezmann eta Zurutuza baliatuz. Frantziarrak egin du lehen gola, eta bigarrenaren sorrera (penaltiaren eta Amorebietaren kaleratzearen jokaldia) ere berea izan da; Velak gauzatu du penaltia.
- Grisarekin segituz, baina kontrako norabidean orain, erasotik defentsara: Realak erasoan baloia galdu duenean bigarren zatian, azkar berreskuratu du, presio itogarria eginez.
- Azkeneko minutu luzeetan, Athletic jokalari bat gutxiagorekin eta Reala hazita, markagailua loditzeko tartea zabaldu zaio Realari, baina bere horretan geratu da: 2-0.
- Ondorioak ateratzeko astia egongo da, lasaiago, baina behin-behinean, zenbakiei begiratu behar: Realak bederatzi puntu dauzka, etxeko hiru partidak irabaziz pilatuta, eta Athleticek bost.
- Eta bukatzeko, hasieran jarri beharrekoa, again, eta nabarmentzekoa ororen gainetik: beste behin ere, Euskal Herriko derbi handia eredugarria izan da zelaian, jokalarien arteko lehia zintzoan. Kiroltasuna, guztiaren gaindi. Futbolaz bere horretan hitz egiteko aukera paregabea eman dute.