Mamuen derbia

Egilea:

Data: 2012/09/29

REALA-ATHLETIC DERBIA

Anoetan, beharrean daudela lehiatuko dira bi taldeak gaur (20:00).

Partida berezia izango da gaur Anoetakoa (20:00). Ez da beste edozein egokitu, derbiak badutelako besteek ez duten zerbait. Giroa, aurkari zuzenari eta albokoari irabazteko grina eta  beste hainbat kontu. Reala eta Athletic aurrez aurre izango dira, eta ez egoera gozoan. Mamuak uxatzea izango dute helburu, baina jakina, bukaeran, batek besteari botako dizkio bereak, edo biek segituko dute egungo kontuekin.

Ez dira ondo hasi lehian. Realak sei puntu dauzka, Athleticek bat gutxiago. Sailkapenean, erdialdetik behera daude biak, eta denboraldia hasi aurreko kontuak esnezalearen kontuak badira ere, goialdean aritzeko apustua jo zuten biek.

Realak etxean pilatu ditu sei puntuak, Celta eta Zaragoza menderatuz. Etxetik at alerik ez du bildu. Gaur, etxean ariko da, baina horrek ez dio ziurtatzen ezer. Lehen irabazi izanak ez baitu bermatzen gaur ere irabaziko duenik. Futbolean, gaur, orain eta hemen egin behar da, lehengoak ez du balio handirik. Etxetik kanpoko azken porrotak, Levanteren zelaikoak, kalte handia eragin du klubaren inguruan. Irabazi beharreko neurketa errazegi galdu izanak piztu egin du joan zen denboraldian erabat itzali ez zen sua: Philippe Montanierren lana ezbaian da berriz. Zaleek eta hanbat kazetark ez dute gogoko, eta erne gaurko emaitzari. Txarra bada, aurreko sasoiko zalantzak gehiago handituko dira, eta ez bakarrik zaleen eta kazetarien artean. Zuzendaritzan ere ez omen du erabateko babesik, eta gaurkoak baldintzatu egin dezake etorkizuna.

Taldearen jokoaren inguruan ere ez da konfiantza handirik. Baloiaren jabetzan oinarritzen du bere eredua Normandiako entrenatzaileak, baina eraginkortasuna eta oldarkotasuna ez dira azaltzen. Gaur, derbia izanik, bien beharra izango du Realak partida irabazteko, albokoaren aurkako neureketan ezaugarriak izaten baitira eraginkorra izatea eta oldarkortasuna azaltzea.

Joan zen denboraldiari begira

Athleticen ere ez daude gauzak lasai. Marcelo Bielsaren geroa ez dago ezbaian, eta alde horretatik, ezberdina da alboko aurkarirekiko bizi duen giroa. Beste  bat da kezka: joan zen denboraldiko jokoa hain izan zen ona, orain ere gauza bera eskatzen zaio taldeari, eta oraingoz, bi jokoak ez dira berdinak. Eredua eta oinarria bera da, baina zehaztea falta da. Denbora kontua izango dela ematen du, baina futbola eta denbora, zoritxarrez, ez daude uztarri berean. Eta gainera, puntuen uzta txikia da.

Bistakoa da jokoak hobera egin duela denboraldiaren hasieratik, eta horren esperantzan azalduko da Anoetan. Hobekuntza hori nahikoa izango den edo ez neurketak berak zehaztuko du. Joan zen denboraldiko emaitza ere helduleku dute batzuek (1-2 irabazi zuten zuri-gorriek), baina iraganak ez du balio, lehen esanda bezala.

Lesioen astea

Astean zehar, bi taldeetako atezainak izan dira denen begietan. Lesioengatik izan ere. Claudio Bravok bizpahiru hilabetez ez du jokatuko, eta Eñaut Zubikaraik ordezkatuko du. Athleticen, Gorka Iraizoz espero baino lehen osatu da, eta jokatu egingo du gaur, ez zuela jokatuko argi samar zegoenean.

Osatu den bestea, Fernando Amorebieta da, eta atzo Bielsak baieztatu zuenez, titular izango da. Realean ere badira berri onak, eta Imanol Agirretxe deialdian da, minak gainditu eta gero.

Realaren deialdia

Athleticen deialdia