Montanier eta Bielsa: filosofia, metodologia, taktika…

Egilea:

Data: 2012/09/29

Realeko eta Athleticeko entrenatzaileen metodologiaz eta filosofiaz analisia egin dugu, arlo taktikoan oinarrituz batez ere.

Philippe Montanier eta Marcelo Bielsa entrenatzaileak dira. Horrekin ez dut ezer argitzen, jakina baita hala direla. Baina entrenatzaile hitzaren esanahi askoren baitan sartzen direla nabarmentzea da nire asmoa. Ez baitago entrenatzaile eredu bakarra; ezta bi ere; hiru baino gehiago ere badira, askoz gehiago. Non kokatuko behar dira Realekoa eta Athleticekoa? Eredu beraren baitan sar al daitezke?
Ereduak
Ezertan sakondu baino lehen, ereduak zeren arabera sailkatu ditudan azalduko dut: filosofia, metodologia, eta metodologia horren baitan, taktika lantzeko modua.

Metodologia asko daude entrenatzaileen aukeran. Hauek dira nagusiak:

  • Analitikoa: arlo bakoitza bere baitan lantzen da, beste arloekin nahasi gabe (hala dio teoriak, baina posible al da? Izan ere, oinez egin ezean, beti izango du osagai fisikoa lantzen den ariketak).

  • Integratua: arlo guztiak nahasian lantzen dira, batera, eta baloia dago ariketa ia guztien oinarrian. Ez da analitikoa bezain zehatza.

  • Sistemikoa: arloak nahasian lantzen dira hemen ere, baina jokatzeko ereduan oinarrituta; horixe da lan eta ariketa guztien ardatza. Arlo guztiak lantzeko era ereduak zehazten du. Baloia erabiltzen da ia denean.

Arlo taktikoa lantzeko hiru bide horiek dituzte, horrenbestez, entrenatzaileek. Erabil dezakete bakarra, edo erabil ditzakete hirurak nahasian, edo bi.

Montanierren metodologia

Montanierrek lehentasuna ematen dio metodologia intregratuari. Ateak irekita egiten dituen saioetan, behintzat, ohikoak izaten dira molde bereko ariketak, eta lanketa horiek baloiaren jabetzan oinarritzen dira. Izan ere, integratuaren ezaugarrietako bat da askotan lantzen dela baloiaren jabetza. Hainbat helburu jartzen dira halako ariketa bakoitzean, eta ez dira izaten baloia edukitzea hutsera bideratzen.

Lehen esan dut ez dela zehatza metodo integratua, eta zehatza izateko askoz denbora gehiago behar du analitikoaren aldean. Realaren partidek ere ematen dute hori aditzera. Erasoan, taldeari antzematen zaio mugimenduak eta ez dituela zehatz landuak. Hori lotzen bada entrenamenduetako ariketekin, zerbaiten hutsunea falta da, lantze zehatzagoa, esaterako. Nire ustez, baloiaren jabetzan oinarritzen den taldeak ondo landu behar ditu erasoko mugimenduak. Baloiaren jabetzari eraginkortasuna emateko, eta gero, defentsako lanerako, erasotik defentsarako bidean taldeak oreka izan dezan. Funtsezkoa da oreka, erasoan eta defentsan. Mikel Etxarrik dioen bezala, jokoaren helburua hau da: “Kontzentratuta aritzea, baloiarekin eta baloirik gabe egin beharreko mugimenduekin oreka lortzeko”. Montanierren Realari oreka falta zaio erasoan; ikusi besterik ez dago zenbatetan hausten den taldea erasoan doanean.

Gabezia horiek agerian uzten dute metodologia ez dela balekoa. Edo, bestela, Montanierren ezaugarri bat uzten du begi bistan, gero aipatuko duguna: bere filosofiarena; alegia, horrela gustatzen zaio, eta ez du aldatuko, hutsuneak hutsune. Eta hau ere aintzat hartzekoa da, askotan entzuna baitiogu berari: teknikari sekulako garrantzia ematen dio. Hortaz, taktikari ez hainbeste?

Bielsaren metodologia

Bielsaren metodologia analitikoan oinarritzen da. Berak esan omen zien hau Atheticeko jokalariei Lezaman egin zuten lehen saioan: “Para aprender hay que repetir”. Egin eta egin, mugimenduak ondo barneratu arte. Dioetenez, Bielsak aztertuta dauzka futbolean egiten diren mugimenduak, eta denak lantzen ditu, zehatz. Entrenamenduetara joan besterik ez dago hori horrela dela ikusteko.

Gainera, taldea jokatzen ikustea oso argigarria da. Zehatzak dira jokalarien mugimenduak, eta ondo daki bakoitzak zer egin behar duen, noiz eta nola. Denboraren eta espazioaren koordinazioa ezinbestekoa da mugimendu horiek une eta leku zehatzetan egiteko. Ez errepikatzeko moduan entrenamenduetan.

Orekari dagokionez, bistan da taldeak baduela oreka mugimenduetan. Espazioak sortu, bete eta baliatzea ondo egiten dute jokalariek. Gainera, azkar jokatuz askotan. Horren oinarrian lan zehatza dago.

Filosofia

 Entrenatzaileak bereizteko bada beste ezaugarri bat ere. Metodologiaz eta taktika lantzeko bideaz gain, futbola ikusteko moduak bereizten ditu. Ikuste horrekin esan nahi da nola ikusten duen bakoitzak futbola. Bereizketa hori ez da metodologiarena eta taktika lantzearena bezain nahasia (zehatza da, baina nahasi daitezke). Zuria izan edo beltza izan, horrela defini daiteke ikuskera hori.

Entrenatzaile bakoitzari gustatzen zaio mota bateko futbola, kirol hau ez baita modu bakarrera jokatzen. Batzuk izan daitezke defentsako lana erasokoaren aurretik jartzekoak, eta alderantzizko ikuspuntua dutenak ere badira. Berdin zaie beraien jokalarien ezaugarriak zein diren: beren filosofia daukate eta ez dute aldatuko.

 Beste entrenatzaile batzuek jokalarien ezaugarrien arabera moldatzen dute dena: jokatzeko eredua, metodologia eta abar. Filosofia moldagarrian oinarritzen dira. Eta ez dira hain erasokorrak edo hain ez erasokorrak.

Montanier eta Bielsa aurrenekoen multzoan daude. Beren filosofia ez dute ezergatik zalantzan sartzen. Hau da, eta kito. Bielsak erasoko jokoan oinarritzen du futbola, baita Montanierrek ere. Arriskuak hartu zaleak dira, eta berdin zaie egoera batean edo bestean egon. Horretan sinesten dute, eta horri helduta ibiltzen dira. Horregatik, hartzen dituzten erabakiak filosofia jakin horren baitan ulertu behar dira. Esaterako, Montanierri ezin zaio eskatu erasora jokalari gutxiagorekin joateko taldea ez haustearen mesedetan. Horretan sinesten du, hori du filosofia, eta ez du aldatuko. Eraginkorra ez dela egoera guztietan jakina da, baina…

Partidak irakurtzea

Filosofiek baldintzatu egiten dute entrenatzaileen jarduna. Baina ñabardurak daude. Esaterako, partidak irakurtzeko garaian. Montanier itxiagoa da, Bielsa irekiagoa.

Normandiarrak nekez aldatuko du bere gustuko marrazkia (sistema esaten zaiona), eta gertatzen ari dena gertatzen ari dela, 4-3-3 hori ez du aldatuko. Kasu: joan zen igandean, Levanteren aurkako partidan, bigarren zatiko momentu batean, euskarri bakarraren (Markel Bergara) alboetatik min ematen hasi zitzaion aurkaria, baina Montanierrek ezer ez aldatzea erabaki zuen; egin zezakeen bi euskarri ateratzeko apustua, leku hori indartzeko. Baina bereari eutsi zion.

Bielsa ere zurruna da marrazkia aukeratzerakoan. Bera ere 4-3-3 erabiltzearen aldekoa da, baina egin izan ditu aldaketak, eta atzean 3ko lerroa jarri partidaren itxuraren arabera. Aldaketak egiteko garaian, biziagoa da Montanierren aldean. Atsedenaldian askotan egiten ditu bat edo bi aldaketa, taldea suspertzeko. Montanierrek joan zen igandean egin zuen hori aurrenekoz, oker ez banabil. Gehiago kostatzen zaio aldaketak egitea.

Bestelakoak: taldeen erritmoa

Taktikaren arloko beste alderdi bat da erritmoarena. Bizia edo makala izan daiteke. Batetik bestera aldatzeko gaitasuna ere aztertzen da, erritmo aldaketen bidez. Bielsaren taldeak biziagoak dira Montaniarren Real honen aldean.

Horren oinarrian hau egon daiteke: Bielsari asko gustatzen zaio baloirik ez duten jokalariek mugimenduan ibiltzea, lehen esandako espazioak sortu, bete eta baliatu horren baitan. Montanierri gehiago gustatzen zaio erritmo pausatua, eta ikusi besterik ez dago zenbat denbora erabiltzen dute oinean baloia jokalariek, eraman eta eraman. Horrek esan nahi du, besteak beste, baloirik ez duten jokalarien mugimenduak ez daudela.

Futboleko entrenatzailea eta kazetaria