Iribarren omenaldian… golik ez

Egilea:

Data: 2012/09/23

ATHLETIC 0
MALAGA    0

Zehaztasun ezak galarazi die zuri-gorriei hiru puntuak batzea.

  • Dotore hasi da arratsaldea, Jose Angel Iribarren omenaldiarekin, eta halako ekimen ederrak ezin badituzte ere emaitzek baldintzatu, bukaeran zalea berdinketaren kontuarekin geratu da. Emaitzen diktadura.
  • Askotan entzun izan diogu Marcelo Bielsari esaten emaitzak ez duela jokoa saritu. Azkenekoz, joan zen ostegunean esan zuen, Europako Ligako neurketaren ondoren. Gaur ez da hain nabarmena izan, golak sartzeko aukerak gutxiago eduki dituelako, baina esaldi horren jiran egin daiteke azterketa gaurkoaz.
  • Lehen zatia, batetik, eta bigarrena, bestetik. Aurrenekoan, erritmoa ez da hain bizia izan. Orduan bai izan duela neurketak 0-0ekoaren itxura.
  • Gero, bigarrenean, Athleticek zaparra atera du, erritmoa ikaragarri bizitasuz. Baloia azkarrago jokatu du, eta presioak ere itogarriaren traza hartu du zenbait unetan.
  • Baina azkar eta ondo, usoak… eta joan zen denboraldiko Athleticek. Halako bizitasunaz ondo jokatzeko, egundiko kalitate teknikoa eta taktikoa behar da, eta nahi baino pase gehiago egin dituzte gaizki etxekoek, eta mugimenduak-baloia ematea binomioa ez da koordinazioz egin zenbaitetan. Horrek bereizten ditu bi Athletic hauek: joan zen sasoikoa eta oraingoa. Zaharra zehatzagoa zen berriaren aldean… oraingoz.
  • Emaitza ez da aldatu partidan zehar. Iribarren omenaldiaren unean zegoena geratu du lehiaren amaieran. Baina ez da izan jokalariek ere omenaldia egin nahi izan diotelako, atezain handiari golik ez sartuz. Nahiago izango zuten gola sartu, eta gizon handiari eskaini.