Aspirina
ATHLETIC 2
VALLADOLID 0
Ligako lehen garaipena lortu du, Aduriz eta Susaetaren golekin.
Futbolean, emaitza txarrekin gaixotzen dira taldeak, eta onekin sendatzen. Irabaztean, pozik; galtzean, triste. Athleticek bi partidak galduak zituen orain arte, aldarte txarrean zebilen jendea, eta hori sendatzeko onena egin du gaur: irabazi. Aspirina hartu du.
Valladolid zeukan San Mamesen aurkari. Izenez, horixe, izen gutxikoa, baina izanaz, ligako muturrean jarrita heldu dena, aurreko bi neurketak irabazita. Aurkari arriskutsua.
Azkar uxatu ditu kezkak etxeko taldeak, ohi duen moduan aurkariaren jokoari gehiegi erreparatu gabe. Golak sartzeko aukerak bereak izan dira, eta bigarren zatira arte gauzatu ez baditu ere, denbora kontua izan da atea zulatzea. 68. minutuan sartu du Adurizek, eta gero, Susaetak, handik sei minutura.
Hiru puntu gozo zakura, eta sailkapenean jauzia, atzeko zuloa beste batzuentzat utziz. Orain, atsedena izango da lehiaketan, eta bi asteburu barru berrekingo diote, Espanyolen zelaian.