Bukatu zaizkie oporrak: Athletic eta Reala gaur hasiko dira entrenatzen

Egilea:

Data: 2012/07/02

Chory Castro da txuri-urdinen fitxaketa bakarra oraingoz, eta zuri-gorriek Aduriz eta Ismael Lopez lotu dituzte.

Azkar igarotzen da denbora. Ematen du atzo bukatu zela Espainiako Liga, eta gaur, dagoeneko, lanean hasiko dira Athletic eta Reala.

Athleticek 19:00etan ekingo dio, Lezaman, Marcelo Bielsaren aginduetara. Berrikuntzak bi izango dira: Aritz Aduriz eta Ismael Lopez. Egunotan, Iago Herrerin atezaina ere lotu du klubak, baina Numantzian ariko da utzita.

Denboraldi-aurreko lehen partida hilaren 17an jokatuko du, Casablancan (Maroko), Raja Casablancaren aurka, 21:30ean. Eta aurreneko partida ofiziala ez da urruti, abuztuaren 2an izango da, Europako Ligara sailkatzeko kanporaketako joanekoa; itzulikoa, 9an izango da.

Reala lehenago hasiko da, 16:00etan. Fitxaketa bakarra Chory Castro izango da, oraingoz.

Denboraldi-aurreko aurreneko partida Hendaian jokatuko du, Englatins bertako taldearen aurka. Uztailaren 13an izango da, 19:00etan.

Osasuna datorren astean hasiko da lanean, uztailaren 10ean, asteartean.