Zeinek botako du?

Egilea:

Data: 2012/07/01

EUROKOPA 2012

Espainiak irabazi du txapelketa, Italiari astindua eman eta gero (4-0).

  • Espainiak bikain jokatzen duenean, alferrik daude kontrarioak. Gaur, Eurokopa honetako talde indartsuenetakoa, Italia, txikitu egin du. Txapelketan erakutsi ez duen joko onena eginez.
  • Emaitza handiena da Eurokopako final batean (4-0: Silva, Alba, Torres eta Mata). Hor ere marka egin du txapeldunak. Beste honetan ere bai: bere kontinenteko txapelketa bi aldiz eta tartean Munduko Kopa irabazi duen lehen selekzioa da.
  • Horrelako nagusitasuna azaltzen duenean, ematen du ez dagoela selekziorik aurre egingo dionik. Baina azalduko da bat edo beste. Hala ere, oraingo bidean, badirudi berak galdu beharko duela nahita. Ez dagoela irabaz diezaiokeenik.
  • Txapelketako ibilia aztertzen bada, galdera ugari sortzen da: zergatik ez du beti hain azkar, hain zehatz jokatu? Aurkariek eraginda izan denik ez du ematen. Zergatik ez du zelaia zabaldu gaur bezala? Bide ez hain zuzen horietan zergatik sartu zen?
  • Xavik gaur jokatu du txapelketako partida onena. Finalean. Mesede ederra egin dio taldeari. Aurreko puntuko galdera guztien erantzuna ote da Xavi ez dela egon onenean gaur arte?
  • Italiak haizea kontra izan du gaur. Lehen gola jaso eta gero, Chielinik min hartu du; aldaketa. Bigarren zatia hasi eta pixka batera, Motta zelaira, baina segituan, aldagelara, min hartuta. Hiru aldaketak eginda, eta 10 jokalarirekin aritu behar minutu askotan. Mottaren lesioarekin hondoa jo du Italiak (2-0 zihoazen orduan).
  • Espainia bizi hasi da. Gola sartu du. Bigarren gola bitartean aritu da ondoen Italia. Aukera batzuk ere sortu ditu, baina Casillasek geratu ditu Buffonek geratu ez dituen guztiak gaur.
  • Italiaren indarretako bat goian presioa egitea da. Baloia galtzen duenean, ondo egin izan du txapelketan. Gaur ere saiatu da, baina gaizki egin du (bigunegi) edo Espainiak bikain asmatu du; bietako bat edo bietatik zerbait.
  • Beste mila azalpen eman daitezke, baina alferrik jardutea ez ote den. Espainiak ez du parekorik gaur egun (gaur bezala jokatzen duenean), eta horrekin bukatzen dira azalpen guztiak.