Saria bakarra baita
EUROKOPA 2012
Espainiak finala jokatuko du, Portugal penalti jaurtiketetan gainditu eta gero (2-4). Partida hutsean amaitu dute.
- Finaletan bi talde egoten dira, eta finalerdietan lau. Bi geratzen dira bidean. Igandean, Espainiarekin batera Alemania edo Italia egongo da. Portugalek ere merezi izan du egotea, baina saria batentzat bakarrik izaten da.
- Penaltietan erabaki da partida. Aurreko guztia lotua izan da, luzapena izan ezik. Hor Espainia nagusi izan da. Aurreko minutu guztietan, Portugalek oso estu hartu du Espainia, eta boxeoa balitz, puntuetara Portugalek izan beharko zuen garaile 90 minutuak jokatu eta gero.
- Bi taldeek izan dituzte momentu oso onak, eta biek ez dute asmatu une on horiek baliatzen.
- Portugalek bide egokia aukeratu du: goian egin du presioa, Espainiari ez dio utzi baloia atzetik jokatuta ateratzen. Talde osoa metro gutxitan elkartu du, oso aurrean presioa zegoenean, eta indarrik gabe utzi du espainiarren jokatzeko eredua. Gogortasuna ere erabili du beharra izan duenean.
- Espainiak berak ere ito du bere burua. Bi gauza egin ditu oker: hegalak ez baliatzea izan da bat; baloia oinetan gehiegi eramatea eta taldekideari azkar ez ematea, bestea (erritmo makalegia, azken batean).
- Portugal kamuts aritu da azken metroetan: jaurtiketa txarra, pase okerra…
- Luzapenean, aurreko minutu guztietan egin gabekoa egin du Espainiak: hegalak baliatu, bazterretara eraman baloia eta han jokatu, edo buruz buruz edo 2x1ko egoeretan.
- Portugal nekatu egin da azkenean. Presioak bizitasuna esan nahi du, eta luzapenean nekeak erasan ditu bere jokalariak. Presioa ez dute erabili, eta atzerago jarri dituzte lerroak.
- Nekearena betiko kontua da: nekatuagoa behar zuenak final-laurdena bi egun geroago jokatzeagatik (Espainia), osoago bukatu du neurketa, eta luzapenean nagusi izan da. Alferrik jardutea ez ote den nekearen kontu hori jokatu aurretik aipatzea…