Hurrengo pausoa ematera

Egilea:

Data: 2012/06/23

Euskal Herriak irabazi egin dio Eslovakiari (1-0), zazpi mila lagun bildu dira Anoetan (Donostia), eta aldarrikapenak urrats gehiago eskatzen ditu orain.

Zenbat gara? Lau, bost? Gaur, 7.000, Anoetan, Euskal Herriko selekzioak aldarrikatzen. Eta joan ez direnak… Festa dotorea izan da, ESAITek, Euskal Herria Kirolak eta Euskararen Gizarte Erakunden Kontseiluak antolatuta. Egun osoko jaia.

Festaran zutabea, futbola. Euskal Herria zelaian, Eslovakiaren aurka. Garaile euskal herritarrak (1-0, Arrate Oruetak gola, 9. minutuan). Irabazi soro pilean, eta irabazi harmailetan. Irabazle, aldarrikapena. Pauso gehiago eman behar dira orain, zelaietan eta zelaietatik kanpo.

Egun historikoa Euskal Herriarentzat, lehen aldiz aritu baitira emakumezkoak izena eta izana uztartuz. Hauxe izan da 11ko historikoa, hasierakoa: Tirapu; Landa, Bergara, Iturregi, Orueta, Encinas, Gimbert, Lucas, Nabaskues, Zelaia, Arraiza.

11koak eta aldaketak, hauek:

Fitxa teknikoa

Euskal Herria: Ainhoa Tirapu; Iraia Iturregi, Ane Bergara, Venasa Gimbert, Leire Landa; Larraitz Lucas, Arrate Orueta; Aintzane Encinas, Itsaso Nabaskues, Eunate Arraiza; Maialen Zelaia. Bigarren zatian, María Goñi, Sandra Ramajo, Esti Aizpurua, Irene Paredes, Maite Lizaso, Guru Fernández, Nekane Díez, Irune Murua, Marta Docando, Ainara Herrero, Marina Agoues eta Eli Ibarra.

Eslovakia: Gazdikova, Matysova, Biroova, Fischerova, Feckova, Vojtekova, Ondrusova, Hmirova, Kolenova, Suskova eta Klechova. Ere jokatu dute, Dahaibiova, Mravikova, Antalova, Korenciova, Rybarova, Bartovicova eta Sarabokova.

Egun berezia ere, baina beste arrazoi bat tarteko, Larraitz Lucasentzat. Gaur esan dio agur futbolari. Lehen aldiz aritu da Anoetan Realeko jokalaria, eta lehen zatia amaitu aurretik aldatu dute Iñigo Juaristi eta Garbiñe Etxeberria entrenatzaileek. Txalo zaparrada entzun du.

Festa oso baten zati bat izan da une hori. Beste asko izan diren bezala. Denak oihu ozena entzunarazteko: Euskal Herria eta euskara. Hamaika garelako, eta ondo antolatutako taldea osatuz gero, partida garrantzitsuena irabazita egongo da.

ARGAZKI PRESS